Itxi

Ekonomia

Iritzi artikulu batean

Rojok euskal kutxen bat-egitearen alde lan egiteko deia egin du

Euskadi Irratia

Erredakzioa

Vitak Kutxaren presidenteak esan du orain arte egin diren ahaleginak albo batera utzi eta "zerotik hasi" behar dela. "Euskal kutxa handi bat" behar dela errepikatu du Arabako Kutxaren agintariak.

Gregorio Rojo Vital Kutxaren presidentea euskal kutxen bat-egitearen defentsa publikoa egitera atera da gaur euskal hedabideetara bidalitako gutun batean.

Bere alderdiak, PSE-EEk, bi aldiz fusio proiektua geldiarazi ondoren, Rojok orain dio aurretik egin diren ahaleginak albo batera utzi eta "zerotik hasi" behar dela.

"Euskal kutxa handi bat" behar dela errepikatu du Gregorio Rojok behin eta berriz gaur euskal komunikabideetara bidali duen gutunean.

Finantza-egoerak eta inguruko aurrezki kutxen mugimenduek hiru euskal kutxen "erreakzioa" eskatzen omen dute Rojoren ustez. 45 aurrezki-kutxa daude Espainiako Estatuan eta horietako 18 baino ez dira bat-egiterako urratsak eman ez dituztenak, horien artean, EAEko hiruak.

"Arduragabekeria" ikusten du Vital Kutxaren presidenteak eta ez du ulertzen zergatik ez den "ausardiaz" jokatzen eta bat-egiterako bidea egiten. "Badago denbora, baina pausoak eman behar dira. Nori egiten dio mesede atzerapen batek?", galdetu du Rojok.

Guztien "konpromisoa" eta "erantzukizuna" eskatu du, orain arteko porroten ardura eskatu gabe. "Zerotik hasi" behar dela azaldu du Vitaleko presidenteak. Hori horrela, ordezkari politikoei kutxen legearen erreforma eskatu die, bat-egitea gauzatzeko aukera egon dadin.