Politika
Hauteskunde Legearen erreforma
Legebiltzarreko alderdi guztiak, PPren proposamenaren aurka
Erredakzioa
PPk Hauteskunde Legea aldatzea nahi du, alderdi batek eserleku bat lortzeko gutxieneko boto kopurua % 3tik % 5era igota, eta horrek EB eta UPyD parlamentaririk gabe geratzea ekarriko luke.
Alderdi Popularrak EAEko Hauteskunde Legea erreformatzeko proposamena aurkeztuko du, Radio Euskadik aurreratu duenez. Legebiltzarrean eserleku bat lortzeko gutxiengo boto kopurua % 3 izan beharrean, % 5a izatea nahi du, eta horrek Ezker Batua eta UPyD bezalako alderdiak parlamentaririk gabe geratzea eragingo luke.
Informazio honek hautsak harrotu ditu eta alderdi txikien kritikak ekarri ditu.
Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak esan du ez dela garaia hauteskunde legea erreformatzeko unea eta alor horretako edozein aldaketak "bateratze handia izan behar" duela gaineratu du, izan ere, "herria mugitzen duen legeetako bat da". Horrez gain, Gobernuak aurkeztutako legegintza-egutegian hauteskunde legearen inguruko azterketa bat eta aldaketa posible azaltzen dela esan du, baina "egokitzen denean egingo da eta ez da 2010ean izango".
Iñigo Urkullu EBBko presidenteak esan du badela Espainiako PSOE eta PP alderdietan, eta kasu honetan Euskal Autonomi Erkidegokoetan, herritarrak bi alderditan ordezkatu nahi izateko joera.Horrez gain, eusko Legebiltzarra "Euskal Autonomi Erkidegoko soziologia politikoaren isla izatea" gustatuko litzaiokeela esan du.
Patxi Zabaleta Aralarreko idazkari nagusia ekimen horren kontra agertu da. Bere ustez, % 3a ordezkaritza duina da. Lege aldaketa horrek Aralarri mesede egin lekiokeen arren, Zabaletak esan du aniztasunaren aurkakoa eta injustua dela.
Eusko Alkartasunaren zuzendaritzako idazkariak, Santi Merinok, ere gogor kritikatu du PPren proposamena. Alabaina, EA harrituta ez dagoela esan du, "alderdi handien tentazio historikoa delako hori".
Ezker Batuko Mikel Aranarentzat egitasmo hori "aniztasunaren aurkako erasoa" da eta Parlamentuko eta gizarteko gutxiengoak "mesprezatzen" ditu.
Gorka Maneiro UPyD alderdiko legebiltzarkidearen iritzian, proposamen horrek alderdi txikiak "desagerrarazi" nahi ditu, "hiru alderdien mesederako".
Maneiroren esanetan, lege aldaketa hori onartuz gero, hiruko gobernu baten antzekoa osatuko litzateke. "Demokrazia eta berdintasuna" bultzatzeko ekimen berriak aurkeztu beharko liratekeela erantsi du.
Martin Beramendi Hamaikabat alderdiak Gipuzkoan duen presidenteak azalpenak eskatu ditu, proposamen horren atzean dauden asmoak argitzea nahi du.
Oscar Matute Alternatibako buruzagiaren arabera, Alderdi Popularrak botorea eskuratzeko bidean eman nahi duen beste urrats bat gehiago da.