X-inigoherce-X
Analisia
Kalteak neurtzeko garaia
Iñigo Herce
Ekainaren 13ko udalerrien osaketak izaera istorikoa izan du. EAJ-k udal boterea berreskuratu du eta Nafarroan benetako iraultza jazo da udaletxeen mapan.
Udalerrien osaketa egunak beti du azken orduko ezustekoren bat. Oraingoan, Gasteiz eta Andoain izan dira. Lehenegoan, EH Bilduk eta EAJ-k, PSE-EEren onespenarekin, lortutako akordioak alkatetzatik kanpo utzi Javier Maroto. Andoainen, alderdi jeltzalearen aginduari muzin egin dion zinegotzi batek sozialistei alkatetza izateko nahia zapuztu die.
Arabako hiriburuan gertatutakoak soka luzea izango du jeltzale eta popularren arteko hartuemanean. Alderdi Popularrarentzat “gerra adierazpena” izan da lortu zuen alkatetza nagusia eskuetatik kentzea. Eta horrek ondorioak izango ditu bi alderdion harremanean. Madrilen geroz eta pisu haundiagoa duen Alfonso Alonso arabarrak ez du errez ahaztuko gertatutakoa. Ziurrenik, Estatu mailan etorkizunean sor daitezkeen itunetarako ere PP-rekin bidea moztu du EAJ-k.
Gipuzkoako alderdi sozialistak ere haserre bizian erantzun du Andonaien gertatutakoari. Ez dirudi halere jeltzale eta sozialistek lortu duten egonkortasun ituna kolokan jarriko duenik. Bizkaian, berriz, EAJ-k zenbait udalerri garrantzitsu galdu ditu EH Bilduren mesedetan, Elorrio, Bakio edo Plentzia, kasu.
Ekainaren 13ak utzi duen udalerrien mapak baditu ordea zenbait lerroburu. Lehenik, EAJ-k berreskuratu egin duela herrietako agintea. EAE-ko hiru hiriburuak eskuratzeaz gain, udal botere asko bereganatu du. Urte asko ziren hiru hiriburuak jeltzaleek agintzen etzituztela eta horrek sendotasun itzela emango dio alderdi jeltzalearen udal sareari.
Bigarrena, Nafarroako iraultza. Iruñeak lehen aldiz izango du alkate abertzalea. EH Bilduko Joseba Asironi egokitu zaio erantzukizun hori eta berea izango da posizio hori sendotzeko ardura. Iruñeako aldaketa istorikoa izan bada, Nafarroa osoan jazotakoa egundoko itxuraldaketa da. Indar abertzale eta ezkertiarren batasunak Nafarroako udal mapa politikoa erabat aldatu eta UPN herri nagusietatik at utzi dute. Foru erkidegoan gertaturikoak pasa den mendeko 20. hamarkadara eraman du Nafarroako politika: garai hartan euskal zein nafar sentimenduek bazuten islada politiko naturala Nafarroako gizartean. UPN-ren “nabarrismoa” erakundeetan baztertuta geratu da eta ikusteke dago oraindik ere oinarri ahulak dituen mugimendu horrek gizartearen babesa zabaltzea lortzen duen aurrerantzean.
Hirugarren lerroburua Estatu mailan izandako lurrikara da. Madril, Bartzelona eta Valentzian ez ezik, hiriburu garrantzitsu askotan popularrek PSOE edo Podemos inguruan sortutako ekimenei lekua utzi behar izan diete. Istoriari erreparatuz, Espainian udalerrietako aldaketa politikoa izan da bestelako aldaketa batzuen aitzindari. Udazkenean ikusiko dugu.