Jesus Torquemada
Iruzkina
Petrolioak ez du Hego Sudan salbatu
Jesus Torquemada
Herrialdeko bi etnia nagusien artean gerra zibila lehertu da.
Planetako Estatu gazteena da Hego Sudan. Duela bi urte eta erdi lortu zuen independentzia, Sudanetik bereizita.
Etorkizun ekonomikoa izan dezakeen herrialdea da, petrolio ugari baitu. Dena den, ez du itsasorik, Afrika erdian dagoen herrialdea da. Beraz, petrolioa esportatzeko modu bakarra Sudango portuak erabiltzea da.
Sudanek, baina, ez dizkio gauzak erraztu nahi eta igo egin dio petrolioa garraiatzeagatik ezartzen dion prezioa.
Gainera, petrolioak diru-gosea piztu du herrialde barruan. Hego Sudanen bi etnia nagusitzen dira: Dinkak eta Nuer delakoak, eta bien artean aritzen dira boterea lortzeko lehian.
Guztien nahia asetzeko asmoz, herrialdeak presidente Dinka zuen, Salva Kiir, eta presidente-orde Nuerra, Riek Machar, baina boterea kontrolatzeko gatazka lehertu da bien artean, petrolio dagoen eskualdeetan batez ere.
Beste gerra zibil bat, hain zuzen gerrak falta ez diren Afrika erdian. Hego Sudanekin muga egiten duten hiru estatu, Afrika Erdiko Errepublika, Kongoko Errepublika Demokratikoa eta Sudan, gerran daude.