Jesus Torquemada
Analisia
Suminduek Brasilen dute azken etapa
Jesus Torquemada
Gazte brasildarrek orain eskatzen dutena da, gutxi gorabehera, lehenago Europakoek, estatubatuarrek, turkiarrek.. baita Egiptokoek ere, "udaberri arabiarrean", eskatu dutena.
Europatik Estatu Batuetara, Estatu Batuetatik Turkiara, Turkiatik Brasilera. Suminduen mugimendua kontinente batetik bestera dabil saltoka. Toki bakoitzean bere ezaugarri propioak ditu, baina badira amankomunak diren zenbait: protagonistak, oro har, jende gaztea; antolatzeko modua, sare sozialak; protesta egiteko era, akanpada eta manifestazioa; eta, batez ere, aldarrikapenak, berdinak baitira kasu guztietan.
Gazte brasildarrek orain eskatzen dutena da, gutxi gorabehera, lehenago Europakoek, estatubatuarrek, turkiarrek.. baita Egiptokoek ere, "udaberri arabiarrean" eskatu dutena: ez dadila diru publikoa alferrik galdu, gizarteko desberdintasunak murriztea, guztientzat aukera berdintasuna, politikariek ardurak euren gain har ditzatela, demokrazia lau urtetik behin botoa ematea baino gehiago izatea, gizarte solidarioagoa, naturaren baliabideak ez xahutzea, askatasun gehiago.
Herrialde bakoitzean, sorburua desberdina da. Brasilen, Sao Paulo eta Rio de Janeiroko garraio publikoaren tarifak igo direlako lehertu da protesta. Bi hirietako alkateek bertan behera utzi dute dagoeneko neurri hori, baina berdin dio.
Gazteek kalean jarraitzen dute, badutelako protestarako arrazoi gehiago. Gainera, ezustekoa eman dute Munduko Futbol Txapelketan hainbeste diru gastatzea beharrezkoa ote den zalantzan jarrita, non eta Brasil bezalako herrialde futbolzalean.