Mundua -

Mausoleotik

Arafat buruzagi palestinarraren gorpuzkiak hobitik atera dituzte

Palestinar Aginte Nazionaleko presidente zena pozoituta hil ote zuten aztertzeko atera dituzte gorpuzkiak.

Gizon bat Arafaten mausoleoaren aurrean, Ramalan. EFE
Gizon bat Arafaten mausoleoaren aurrean, Ramalan.
Gizon bat Arafaten mausoleoaren aurrean, Ramalan. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jassir Arafat Palestinako Aginte Nazionaleko presidente historikoaren gorpuzkiak hobitik atera dituzte heriotzaren zergatiak argitzeko.

Suitzako eta Frantziako aditu talde batek atera ditu Ramalako gobernazio egoitzan dauden mausoleotik 08:05ean (06:05 GMT), Palestinako iturriek adierazi dutenez.

Hauekin batera Errusiako ordezkaritza bat dago adituen lana gainbegiratzeko.

Taufik Tirawi PAN Palestinako Aginte Nazionalak eratutako batzordeko presidenteak asteburuan iragarri zuenez, ikerketa lanak "Palestinaren subiranotasuna" kontuan hartuta egingo dituzte.

"Palestinarren eta beste aldeen artean akordio bat dago, eta lekuan bertan Frantziako lantalde bat egongo den arren, Palestinako Fiskaltzak soilik hartuko dio jendeari testigantza", adierazi du.

Gorpuzkiak hobitik ateratzeaz gain, Frantziako ikertzaileek hildakoaren arropa hartuko dute eta 2004ko abenduaren 1etik urriaren 28ra bitartean Arafatekin egon ziren lagun guztiei galdeketa egingo diete.

Uztailean salatu zuen Arafaten alargunak Frantziako Nanterre hirian, buruzagi palestinarraren heriotza aztertzeko salaketa; izan ere, Suitzako zientzialari institutu batek, Al Jazeera telebista katearekin batera, polonio-210 arrastoak atzeman zituztela ondorioztatu zuen.

Material erradiaktiboa da eta ohikoa ez den kantitatea topatu zuten; horregatik, Arafatek hartu zuela berretsiz gero, pozoituta hil zela frogatzeko balioko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea