Mundua -
Negoziazioak Gobernuarekin
FARCek aldebakarreko su-etena iragarri du, urtarrilaren 20ra arte
Halere, Kolonbiak operazio militarrekin jarraituko duela adierazi dute. Bi aldeek abiatutako negoziazioen bigarren fasearen hasiera Habanan izan da.
Erredakzioa
FARCek aldebakarreko su-etena iragarri du, urtarrilaren 20ra arte. Habanan egin dute iragarpena, Kolonbiako Gobernuarekin abiatutako negoziazioen bigarren fasea hasi aurretik. Su-etenaren iragarpenaren ondoren, abiatu dute Habanan negoziazioen bigarren fasea.
Kolonbiako Gobernuaren ordezkari taldeko burua Humberto de la Calle abokatu liberala eta lehendakariorde ohia da. Berarekin batera, negoziazio taldeko kide dira Sergio Jaramillo Bake mandataria, Jorge Enrique Mora armadaren buruzagi ohia, Frank Pearl Bake mandatari ohia eta Luis Carlos Villegas enpresarien ordezkaria. Oscar Naranjo Kolonbiako Poliziaren zuzendari ohiak ere negoziazioetan parte hartuko du, baina bihar iritsiko da Habanara.
Lurraren arazoa, lehen gaia
De la Callek Habanara abiatu aurretik adierazi duenez, Kolonbiako Gobernuak “oso garbi dauka zein den jarraitu beharreko bidea”. Bake elkarrizketetan, Oslon, hitzartutako sei punturen gainean hitz egingo dutela azpimarratu du. Bide-orriak sei puntu hauek biltzen ditu: gatazka armatuaren amaiera, biktimak, oposizio politikoa egitea, narkotrafikoaren aurkako borroka eta nekazaritza garapena.
Gai ordenako lehen gaia lurraren arazoa izango da, “gatazkaren amaiera lortzeko eta bake egonkorra eraikitzeko akordioak dioen bezala”.
Gobernuaren helburua azkar aurrera egitea da, eta horretarako gerrilla akordio zehatz eta errealistetara heltzeko prest egongo dela espero du.
De la Callek azpimarratu duenez, negoziazioen emaitzak bi aldeek adostutako kanaletan soilik zabalduko dira. “Zuhurtzia ez da gutizia bat, hori gabe elkarrizketa erretorika hutsa litzateke”, gaineratu du.
Hirugarren fasea
Aurreikuspenen arabera, hamar egun iraungo du negoziaketen bigarren faseak, eta, ondoren, bi aldeek kazetarien aurrean hitz egingo dute, hurrengo bilerak iragartzeko.
Kolonbiak operazio militarrekin jarraituko du
Juan Carlos Pinzon Kolonbiako Defentsa ministroak azaldu duenez, segurtasun indarek operazio militarrak egiten jarraituko dute herrialdean, FARCk su-etena iragarri arren. Hori gauerditik urtarrilaren 20arte gauzatuko da.