Mundua -

Habanan

Gaur hasiko dira FARCen eta Kolonbiako Gobernuaren arteko negoziaketak

Aurreikuspenen arabera, hamar egun iraungo du fase horrek, eta, ondoren, bi aldeek kazetarien aurrean hitz egingo dute, hurrengo bilerak iragartzeko.

Kolnbiako Gobernuko ordezkariak Habanara iritsi berritan. Argazkia: EFE
FARCen eta Kolonbiako Gobernuaren arteko negoziaketak hasi dira

01:51

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astelehen honetan hasiko dira Habana hirian Kolonbiako Gobernuaren eta FARCen arteko negoziaketak, gatazka armatuari amaiera emateko.

Gobernuaren iturriek jakinarazi dutenez, talde negoziatzailea iritsi da Habanara. Kolonbiako Gobernuaren ordezkari taldeko burua Humberto de la Calle abokatu liberala eta lehendakariorde ohia da. Berarekin batera, negoziazio taldeko kide dira Sergio Jaramillo Bake mandataria, Jorge Enrique Mora armadaren buruzagi ohia, Frank Pearl Bake mandatari ohia eta Luis Carlos Villegas enpresarien ordezkaria. Oscar Naranjo Kolonbiako Poliziaren zuzendari ohiak ere negoziazioetan parte hartuko du, baina bihar iritsiko da Habanara.

De la Callek Habanara abiatu aurretik adierazi duenez, Kolonbiako Gobernuak “oso garbi dauka zein den jarraitu beharreko bidea”. Bake elkarrizketetan, Oslon, hitzartutako sei punturen gainean hitz egingo dutela azpimarratu du. Bide-orriak sei puntu hauek biltzen ditu: gatazka armatuaren amaiera, biktimak, oposizio politikoa egitea, narkotrafikoaren aurkako borroka eta nekazaritza garapena.

Gai ordenako lehen gaia lurraren arazoa izango da, “gatazkaren amaiera lortzeko eta bake egonkorra eraikitzeko akordioak dioen bezala”.

Gobernuaren helburua azkar aurrera egitea da, eta horretarako gerrilla akordio zehatz eta errealistetara heltzeko prest egongo dela espero du.

De la Callek azpimarratu duenez, negoziazioen emaitzak bi aldeek adostutako kanaletan soilik zabalduko dira. “Zuhurtzia ez da gutizia bat, hori gabe elkarrizketa erretorika hutsa litzateke”, gaineratu du.

Aurreikuspenen arabera, hamar egun iraungo du negoziaketen bigarren faseak, eta, ondoren, bi aldeek kazetarien aurrean hitz egingo dute, hurrengo bilerak iragartzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea