Mundua -
Estelle ontzia
Kontzentrazioak Askatasunaren Ontziaren abordatzearen aurka
Larunbat goizean gertatu zen erasoa, Gazara iristen ari zirenean, Israeleko Armadak baieztatu duenaren arabera.
Erredakzioa
Gazako kostaldera zihoan Askatasunaren III. Ontzidiaren aurkako abordatzeak hainbat protesta ekitaldi eragin ditu, Madrilgo Probidentzia Enparantzan dagoen Kanpo Ministeritza kanpoan egingo dena, adibidez.
Dror Freiler "Ship to Gaza" proiektuko bozeramaileak erasoa 10:15ean gertatu dela salatu du. "Bost edo sei ontzi militarrek eraso egin diote", adierazi du webgunean. Erasoa nazioarteko uretan gertatu dela gaineratu du.
Ontzidian 30 lagun inguru daude, horien artean, Ricardo Sixto IUko diputatua, Begoña Zabala Nafarroako Gobernuko abokatua eta Laura Arau kazetaria.
Israelek adierazi duenez, "aurrekoetan egin den moduan, ontzian doazen kideei dei egin ostean eman da erasoa egiteko agindua". "Elkarlanean aritzeko eta ibilbidea aldatzeko eskakizunei muzin egin eta gero, ontzia hartu eta Ashodod-eko portura eramatea erabaki dugu", diote ohar batean.
Laguntza humanitarioa
Gazako zerrenda iparraldetik 40 kilometrora dago portua. "Bertara iritsitakoan, Israeleko Poliziaren eta Barne Ministerioaren immigrazio agintarien esku geldituko dira", gaineratu dute.
Lehen askatasunaren ontzidia 2010. urtean joan zen Gazara, baina misioak amaiera tragikoa izan zuen, izan ere, eraso egin zioten eta Turkiako zortzi lagun eta AEBtako beste bat hil zituen Israeleko Armadak.
"Estelle" ontziak 2007tik Israelek Gazako zerrendari jarritako blokeoa hautsi eta Palestinara laguntza humanitarioa eramateko asmoa du.