Mundua -
Bake prozesua
Gobernuak eta FARCek negoziaketa-mahaia jarri dute abian
Bi aldeek datorren azaroaren 15ean abiatuko dute elkarrizketa formala. Horretarako prestaketa batzar berri bat iragarri dute azaroaren 5erako Kuban.
Erredakzioa
Norvegiako agintariek Kolonbiako Gobernuaren eta FARCen arteko eztabaida-mahaia eratu dutela iragarri dute, Oslo kanpoaldeko Hurdal herrian eginiko ekitaldian.
Bi aldeek datorren azaroaren 15ean abiatuko dute elkarrizketa formala, eta horretarako, azaroaren 5ean prestaketa batzar berri bat egingo dute Kuban, Abel Garcia Kubako agintarien ordezkariak azaldu duenez. Prozesuan zehar, Kubako nahiz Norvegiako agintariek laguntzaile bezala egongo dira.
Ekitaldian Gobernuko bost ordezkari, FARCeko beste bost eta Norvegiako eta Kubako lau bitarteko izan dira. Tone Allers Atzerri Ministroak bi aldeek eginiko esfortsua goraipatu du, iragarrita zegoena baino ordu erdi beranduago hasi den ekitaldian.
Norvegiara egin duten bidai horretan, negoziatzaileek batzar bakarra egin dutela azaldu du Ministeritzak. Bilkura hori leku sekretu batean ospatu dute, eta bertan negoziaketa-prozesuaren xehetasunak zehaztea izan dute helburu. Horren ostean, adierazpen formal bat egingo dute hedabideen aurrean.
Bi aldeen adierazpenak
Humberto de la Calle Gobernuaren negoziazio-taldearen buruak gatazkarekin bukatzeko "elkarren arteko esfortsua" egiteko eskatu dio FARCeri. Prozesuaren lehen zatian bi aldeek beren konpromisoak mantendu izana txalotu du De la Callek, eta "diskrezioa" eta "errespetua" eskatu du prozesuak aurrera egiteko.
"Ivan Marquez" FARCeko negoziatzaileen ordezkariaren arabera, gerrilla "bakea lortzeko ametsarekin eta olibondo adar batekin" joango da Kuban hasiko duten negoziaketaren bigarren fasera.
"Gure helburua gizartearen justiziaren bitartez bakea lortzea da, eta horretarako kolonbiar herria protagonista izatea nahi dugu", ziurtatu du Marquezek agerraldian.
"Itxaropentsu nago"
Osloko topaketetan bi ekitaldi nagusi izango dira. Asteazkenean, bilera egingo dute bi aldeek, ateak itxita, eta logistikako xehetasunak zehaztuko dituzte, batez ere Osloko bileren ondoren Habanan egingo dituzten batzarretarako. Bestalde, prentsaurrekoa eskainiko dute ostegun honetan, eta bake prozesuaren bigarren fasea hasiko da modu horretan.
Humberto de la Calle negoziazio taldeko burua, presidenteorde ohia, horrela mintzatu zen Bogotan, Oslora abiatu aurretik. "Itxaropentsu nago eta baikorra naiz".
Kolonbiako Gobernuak eta gerrillak bake prozesuaren irekiera ekitaldia ostegunera arte atzeratuko zela jakinarazi zuten, aurrez, elkarrekin egindako komunikatu batean.