Mundua -
Kolonbia
Egun bat atzeratu da Gobernua-FARC negoziazioen hasiera
FARCek beste negoziatzaile bat izendatu du azken orduan: Tanja Nijmeijer herbeheretarra.
Erredakzioa
Kolonbiako Gobernuaren eta FARCen arteko negoziazioa aurrez ikusitakoa baino egun bat beranduago hasiko da, bi aldeen ordezkariak ez baitira oraindik iritsi Oslora (Norvegia), bake-prozesua abiatuko den hirira.
El Espectador egunkariak azaldu duenez, gerrillariak ezin izan dira heldu Habanara (bertatik abiatuko dira Oslora), euriteen ondorioz. Halaber, azken orduan, FARCek beste negoziatzaile bat izendatu du, eta horrek galarazi egin ei du Ivan Marquez gerrillako 'bigarrena' Kubara joatea.
Hain zuzen ere, Tanja Nijmeijer herbeheretarra da FARCen negoziatzaile berria, eta itzulpen eta prentsa eginkizunak izango ditu.
Antza denez, ezin izan dute Nijmeijerren egoera juridikoa berrikusi, Fiskaltzak atxilotzeko aginduak ken ditzan.
Egutegi ofizialaren arabera, Gobernuaren eta FARCen ordezkariak gaur eta bihar batzartzekoak ziren Osloko kanpoaldean, negoziazioen ordutegiak ezartzeko eta beste hainbat erabaki tekniko adosteko.
Asteazkenean, bi aldeek prentsaurrekoa eman behar zuten, norbera bere aldetik, negoziazioen hasiera ofizialari burz.
Nolanahi ere, gaurko atzerapena dela eta, baliteke asteazkeneko agerraldia atzeratzea.
Negoziazioak hasi eta astebetera, aldeak Habanara joango dira, eta bertan gehienez zortzi hilabetez izango dira hitz egiten.