Mundua -
Siria-Turkia
Turkiak Siriari eraso dio eta hainbat soldadu hil ditu
Turkiako Armadak horrela erantzun dio Siriari. Izan ere, asteazkenean Siriak hainbat obus jaurti eta bost hildako eragin zituen, mugatik gertu.
Erredakzioa
Hainbat soldadu siriar hil dira bart Armada turkiarraren erasoaren ondorioz, Siria iparraldeko kontrol postu batean, Tel Abiad hiritik gertu, Giza Eskubideen Siriako Behatokiak jakinarazi duenez. Turkiako armadak horrela erantzun dio Siriak asteazken honetan Turkiari egindako erasoari. Aipaturiko erasoak 5 hildako eta 13 zauritu eragin zituen.
Siriaren erasoari erantzunez, Turkiako Armadak Rasma al Gazaleko kontrol-postua bonbardatu du, eta erasoek egunsentira arte iraun dute, Giza Eskubideen Siriako Behatokiak jakinarazi duenez.
“Gure armadak borrokak hasteko nazioarteko arauak bete ditu, eta Siriako hainbat helburu bonbardatu ditu bezperako erasoari erantzunez, erasoa nondik egin zen zehaztu ostean”, Turkiako lehen ministroaren Komunikazio Sailak ohar bidez jakinarazi duenez. “Ezin dugu erantzunik gabe utzi Siriako erregimenaren probokazio hori”, gaineratu du Gobernuak.
NATOk babesa eskaini dio Turkiari eta nazioarteko eskubideak urratzeari uzteko eskatu dio Damasko. Bestalde, Siriaren erasoak Gobernuaren haserrea eragin duela azpimarratu du Hillary Clinton Estatu idazkariak.