Mundua -

AEB-ko hauteskundeak

Nolakoa da AEBko hauteskunde sistema eta zergatik ez du beti bozkatuenak irabazten?

AEBko historia osoan, bost presidente galtzaile izan ziren bototan hauteslekuetan. Azkena, hain justu, Donald Trump izan zen, 2016an.

AEBko Ordezkarien Ganbera. EFE
AEBko Ordezkarien Ganbera. EFE
AEBko Ordezkarien Ganbera. EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nekez sinestekoa da, baina bai: AEBko hauteskundeetako hautagai bozkatuenak ez du beti irabazten, hau da, babes zabalena lortzen duena ez dute beti presidente izendatzen.

Eta, zer dela eta gertatzen da? Euskadin lehendakaria Eusko Legebiltzarrak izendatzen duen bezala, herrialde hartan Konpromisarioen Biltzarra izeneko organoak hautatzen du presidentea.

Beste era batera esanda: AEBn, boto-emaileek ez dute zuzenean aukeratzen presidentea, eta erabakia konpromisario izeneko 538 ordezkariren esku uzten dute. Horiek dira, hain zuzen ere, agintaria izendatzen dutenak, estatu guztietan egindako beste bozketa batzuetan.

Konpromisarioen Biltzarra 1787an sortu zuten herrialdeko "aita fundatzaileek" (izen hori dute AEBn Kontituzioa egin zutenek), herritarren boto zuzena baztertuta, estatu txikienak handienen boteretik babesteko.

Organo horretan, estatu bakoitzari dagokion ordezkari kopurua bat dator estatu horrek dituen senatari eta kongresista kopuruarekin. AEBko Kongresuan 435 eserleku daude eta Senatuan, 100. Gainera, Columbiako Barrutiak hiru delegatu ditu. Beraz, guztira, 538 ordezkariz dago osatuta Konpromisarioen Biltzarra.

Horrenbestez, hauteskundeak irabazi eta presidente bihurtzeko, 270 boto behar dira batzorde horretan.

Boto gehien dituzten estatuak hauek dira: Kalifornia (55), Texas (38), Florida (29), New York (29), Pennsylvania (20), Illinois (20) eta Ohio (18).

Sistema horrek winner-takes-all (dena irabazlearentzat) du izena. Izan ere, estatu bateko irabazleak bertako ordezkari guztiak bereganatzen ditu, botoen aldea batekoa zein milioi batekoa izan.

Demagun hautagaietako bat gailentzen dela Kalifornian, ba Konpromisarioen Biltzarrean kaliforniarrak ordezkatuko dituzten 55 konpromisarioak alderdi horretakoak izango dira.

Reparto de compromisarios en el Colegio Electoral

Reparto de compromisarios en el Colegio Electoral

Bost aurrekari

Ohikoena da Konpromisarioen Biltzarraren erabakia eta estatubatuarrek bozkatutakoa bat etortzea, baina AEBko historian hauteskundeak bototan galdu dituzten bost presidente izan dira:

- 1824an, John Quincy Adams hautagaiak Andrew Jacksonek baino 38.000 boto gutxiago eskuratu zituen, baina Etxe Zurira heltzea lortu zuen.

- 1876an, Rutherford B. Hayesek boto bakarraren aldearekin irabazi zuen HKonpromisarioen Biltzarreko bozketa. Hauteskundeetan, ordea, Samuel T. Tildenek baino 264.000 boto gutxiago eskuratu zituen.

- 1888an, Konpromisarioen Biltzarrak Benjamin Harrison izendatu zuen presidente, bozkatuena Grover Cleveland izan bazen ere.

- 2000 urtean, George W. Bushek % 0,51ko aldeagatik galdu zuen Al Gorerekin izan zuen lehia hauteslekuetan, baina Konpromisarioen Biltzarrean 271 boto lortu zituen eta presidente izendatu zuten.

- 2016an, Donald Trumpek Hillary Clintonek baino 3 milioi boto gutxiago jaso zituen. Hala ere, 304-227 nagusitu zen biltzarrean.

Berdinketa egonez gero edo hautagai bakar batek ere ez badu gehiengoa lortzen, Ordezkarien Ganberak aukeratu beharko du presidentea. Presidenteordea, berriz, Senatuak izendatuko du.

Beheko Ganberak bi presidente besterik ez ditu aukeratu: 1801ean, Thomas Jefferson, eta 1825ean, John Quincy Adams.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Albisteak Donald Trump Hauteskundeak Kamala Harris