Mundua -

Film polemikoaren ostean

Lau pertsona hil eta 44 zauritu dira AEBetako Enbaxada ondoan Yemenen

Mahoma iraintzen duen filmagatik protestak ugaritzen ari dira herrialde islamiarretan. Youtubek saretik kendu du filmaren trailerra.

Istiluak ugaritzen ari dira Mahomaren filma dela eta. Argazkia: Efe
Istiluak ugaritzen ari dira Mahomaren filmagatik
Ehunka manifestarik AEBek Yemenen duten enbaxadara sartzea lortu dute

01:21

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez lau pertsona hil da eta beste 44 zauritu dira manifestatzaileen eta Poliziaren arteko istiluetan, Sanako AEBetako Enbaxadatik gertu, medikuek jakitera eman dutenez.

Iturriek azaldu dutenez, biktimek tiroen eta printzen ondorioz jasandako zauriak dituzte, agenteen tiroengatik.

Halaber, 224 pertsona zauritu dira polizien eta manifestatzaileen arteko gatazketan Kairon, AEBetako Enbaxadaren inguruan. Dirudienez, harriak, molotov koktelak eta gas negar-eragileak jaurti dituzte.

3.000 manifestatzaile Poliziarekin gatazkan dabiltza, Enbaxadatik gertu, hirigunean. Poliziak gas negar-eragileak jaurti ditu protestako parte hartzaileak sakabanatzeko.

Goizean ehunka manifestatzailek Enbaxadan sartzea lortu dute Mahoma profetari buruzko pelikularen aurka protesta egiteko.

Erasotzaileek Enbaxadako barruko patiora sartzea besterik ez dute lortu, baina hainbat ibilgailu diplomatiko erre dituzte, istiluen aurkako poliziek bota dituzten arte.

Ostiralerako "hutiek", herrialdearen iparraldeko independentista xiitek martxa bat deitu dute Al Taguir plazarantz, egoitza diplomatikorantz.

Istiluak ugaritzen ari dira Mahomaren filma dela eta

Mahoma iraintzen duen filmagatik ondoeza eta protestak ugaritzen ari dira herrialde islamiarretan. Libian ez ezik, Tunisian, Yemenen eta Egipton ere AEBen egoitzei eraso egin diete manifestariek.

Azken orduotan, gainera, Irango Shirazi Ayatolak txalotu egin ditu eraso horiek. Blasfemiatzat jo du bideoa, eta deia egin die mundu guztiko musulmanei Islamak jaso duen "eraso" horri erantzun gogorra emateko.

Iraken ere, milizia islamista batek esan du amerikarren interesak arriskuan daudela, eta ez dutela ahaztuko Mahomari egindako iraina.

Egipton, Mohamed Mursi presidenteak gaitzetsi egin ditu AEBen egoitzen kontrako erasoak eta enbaxadorearen heriotza; baina baita Mahomaren irudia iraintzen duen bideoa ere.

Libiak nahiz Egiptok laguntza eskaini diete AEBei enbaxaden segurtasuna bermatzeko. Libiak, gainera, atentatugileak nortzuk izan diren argitzeko ahalegin guztia egingo duela hitzeman du.

AEBetatik, Barack Obama presidenteak "justizia" izango dela esan du. Hori horrela, Armadako bi ontzi eta marineak bidali ditu Libiako kostara. Bengasiko kontsul-etxearen kontrako erasoa gertatu zenetik 24 ordu pasatu direnean, gero eta indar handiagoa hartzen ari den bertsioa da atentatua aurrez prestatutakoa izan zela, eta ez bideoagatik sortutako haserrearen ondorio.

Chris Steven enbaxadoreak, gainera, harreman estua zuen Libiako egungo gobernuarekin, eta asko lagundu omen zien Gadafi boteretik botatzeko borrokan.

Arabiar Ligak bideoaren egileen kontrako jarrera sendoa izatea eskatu die AEBei

Nabil Al Arabai Arabir Ligako idazkari nagusiak AEBetako Gobernuari "profeta islamari bideoaren produkzioaren arduradunen kontrako jarrera sendoa" izatea eskatu dio. Al Arabik esan duenez, "ekintza horiek haserrea, eta kulturen eta gizarteen arteko gatazkak sustatzen dituzte".

Mahoma profetaren bizitzaren inguruko bideoa nork egin duen ez dakite oraindik, baina AEBetan bizi den pertsona baten izengoitiarekin egin dutela aukeretako bat da.

Clintonek AEBetako enbaxaden aurkako indarkeria geldiaraztea eskatu du

Hillary Clinton AEBetako Estatuko idazkariak bere herrialdeak ez duela zerikusirik Arabiar herrialdeetako protestak eragin dituen bideoarekin nabarmendu du. Halaber, gobernuburuei enbaxaden kontrako indarkeria gaitzestea eskatu die.

Clintonek adierazi duenez, AEBetan "ez dira pertsonek euren ikuspuntuak adierazteagatik atxilotzen", pelikula polemikoaren egileen harira.

Obamak Ekialde Ertainean protesta gehiago aurreikusi ditu

Barack Obama AEBetako presidenteak Ekialde Ertainean datozen egunetan estatubatuarren aurkako protesta gehiago izango direla aurreikusi du, baina AEBek ezin dutela herrialdetik irten nabarmendu du.

"Datozen egunetan protestak ikusten jarraituko dugula uste dut, baina geure diplomazialariak egunero arriskuan daudela aditzera eman nahi dut, lan paregabea egitearen truke", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea