Mundua -

Ibilbide-orria

FARCekin bake-prozesua hasi duela iragarri du Kolonbiak

Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak FARCekin bake prozesua hasi duela adierazi du astearte honetan.

Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentea, bere kabinetearekin eta kupula militarrarekin. EFE
Bake-prozesua urrian hasiko dela berretsi du Santosek

02:45

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak FARCekin bake prozesua hasi duela esan du astearte honetan. Lehenengo elkarrizketa amaituta bidaia-orri bat egiteko akordioa izan dela adierazi du.

Akordio hau, Santosen arabera, hizketaldi "zuhur" batzuen emaitza izan da. Elkarrizketak "Habanan gauzatu dira, sei hilabetez, Kubarekin eta Norvegiarekin batera", eta amaierako akordio bat lortzeko "nahia, agenda eta joko arauak" adostu ziren.

Hizketaldi horien ostean, "ziur nago gatazka armatua behin betiko amaitzeko benetako aukera baten aurrean gaudela; bide zaila da, baina egin beharra dago", esan du Kolonbiako presidenteak.

Prozesu honek "serioa, benetakoa eta eraginkorra izan behar du", nabarmendu du, eta, zentzu horretan, honako hau adierazi du: "Ganoraz lan egin dugu, FARCek ere. Hitzartutako guztia errespetatu dugu, eta, FARCek datorren fasean berdin jokatzen badu, aurreikuspen onak ditugu".

Presidenteak esan duenez, bake-elkarrizketak kanpoan egingo dituzte, eta Kubak eta Norvegiak "anfitrioi eta bermatzaile" izaten jarraituko dutela gaineratu du. Txilek eta Venezuelak, gainera, prozesuarekin bat egingo dute. Halaber, aurreko hizketaldiek iraun duten bitartean herrialdeek emandako babesa eskertu du.

Bost puntu garrantzitsuSantosek Gobernuaren eta Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileen (FARC) arteko elkarrizketen agenda osatuko duten bost puntuak zehaztu ditu. Honako hauek dira: nekazaritza garatzea eta lurra errazago eskuratu ahal izatea; oposizio politikoaren jarduera eta herritarren parte-hartzea bermatzea; gatazka armatua amaitzea (armak uztea eta gerrillariak bizitza zibilean sartzea dakar horrek); narkotrafikoaren arazoari irtenbidea bilatzea, eta biktimen eskubideak zaintzea.

FARCek ere bake-prozesuaren hasiera baieztatu du Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileek (FARC) Habanan Kolonbiako Gobernuarekin dituzten negoziaketen esplorazio fasea amaitu dela adierazi dute, eta, ondorioz, bien arteko bake-prozesuaren hasieraren berri eman dute.

FARCeko sei gerrillari (bost gizonezko eta emakumezko bat) kazetarien aurrean agertu dira Kolonbiako gerrillaren jarrera azaltzeko. Rodrigo Londoño Echeverri Timoleon Jimenez FARCeko zuzendari nagusiak igandean aurreratu zuen hori,  bideo batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea