Mundua -
Ekuadorreko enbaxadan
Assangek uste du urte bete barru libre egongo dela, kargurik gabe
Wikileaksen fundatzailearen arabera, "litekeena da" Suediako Gobernuak egozten dizkioten delitu sexualak kentzea.
Erredakzioa
Julian Assange Wikileaksen fundatzaileak uste du Suediak, azkenean, kendu egingo dizkiola delitu-sexual akusazioak, eta sei hilabete edo urtebete barru kargurik gabe libre geratuko dela eta Londreseko Ekuadorren Enbaxadatik atera ahal izango duela.
Telesur Hegoamerikako telebista-katean aurreko astean egin eta gaur eman duten elkarrizketa batean azaldu duenez, sei edo hamabi hilabete barru Ekuadorreko enbaxadatik ateratzeko akordioa lortzea espero du. Izan ere, enbaxada horretan dago Suediara estradita ez dezaten.
"Egoera diplomaziaren bitartez konponduko dela uste dut. Suediako Gobernuak auzia bazter lezake. Litekeena hori dela uste dut. Agian, gertatutakoaren ikerketa zehatz bat egin ondoren baztertuko dute auzia", adierazi du Wikileaksen fundatzaileak.
Suediak idatziz AEBetara ez duela estraditatuko hitz emango balu zer egingo zukeen galdetuta, Assagen erantzuna ez da oso argia izan: "Momentua iristen denean, bidea erraztu badute… Ez litzateke zuzena izango kargurik gabe preso jarraitzea".