Mundua -
Iruzkina
Santos berriro saiatuko da Kolonbian
Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteari aurreko presidenteetako batek, Andres Pastranak, izan zuena baino zorte hobea opa behar zaio.
Jesus Torquemada
Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteari aurreko presidenteetako batek, Andres Pastranak, izan zuena baino zorte hobea opa behar zaio.
Pastrana 1998 eta 2002 urteen artean izan zen agintean. Bera izan zen FARCekin negoziatzea serioen hartu zuen agintaria. Aurrez aurre elkartu zen Manuel Marulanda, ezizenez Tirofijo deituarekin, bera zen orduan gerrillako buruzagi gorena eta Euskal Herriaren tamainakoa den Caguan eskualdetik irteteko agindu zion Armadari, eskualde hori FARCen esku utziz.
Prozesu hark, ordea, huts egin zuen. Horrelakoetan gertatu ohi den moduan, Gobernuak gerrillari bota zion horren errua eta gerrillak, aldiz, Gobernuari.
Ondoren Alvaro Uribe presidentea heldu zen. Uribek politika gogorra jarri zuen martxan gerrillaren kontra. Dena den, bere agintaldiaren erdian Hugo Chavez Venezuelako presidentearen bitartekaritza onartu zuen eta itxura batean bazirudien FARC eta Kolonbiako Gobernua akordio batera iritsiko zirela. Itxaropen horrek, ordea, ez zuen asko iraun.
Elkarrenganako erantzukizunak tarteko, prozesua lehertu egin zen, eta horrek Kolonbia eta Venezuelaren arteko harremanetan ere eragina izan zuen, haustura diplomatikoa eman zen bi herrialdeen artean, Uribek Chavezi FARCi i lagundu izana leporatu ziolako.
Presidente kargura iritsi orduko Santosek egin zuen lehendabiziko gauza bi herrialdeen arteko harreman horiek bideratzea izan zen eta ulertarazi zuen FARCekin berriro negoziatzeko prest zegoela. Santosen estiloa berezia da, originala behintzat bai: alde batetik, jarrera zorrotzari eusten dio eta, bestetik, elkarrizketarako atea zabalik duenaren itxura ematen du.
Bere agintaldian Armadak kolpe oso gogorrak eman dizkio FARC gerrillari taldeari, baina aldi berean hainbat lege onartu dira, Lurren Itzulera eta Biktimen Legea modukoak, Kolonbia berradiskidetzeko lagungarriak izan litezkeenak.