Mundua -

Bake elkarrizketak

Kolonbiak FARCekin hitz egiten hasi dela baieztatu du

Juan Manuel Santos presidenteak ELN gonbidatu du elkarrizketetara. Iraganeko akatsak, "ez errepikatzeko", oso gogoan izango dituela, eta presentzia militarrari eutsiko diola hitz eman du.

Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentea. Argazkia: Efe
Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentea.
FARCekin hitz egiten hasi dela baieztatu du Santosek

01:28

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak baieztatu egin du FARCekin bake elkarrizketak hasteko "harremanak" izan dituztela gerrillariekin, eta ELNri prozesuarekin bat egiteko deia egin dio.

Agintari kolonbiarrak prentsaurrekoa eman du eta Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileekin (FARC) izango dituzten elkarrizketetan iraganeko akatsak, "ez errepikatzeko", oso gogoan izango dituela eta lurralde osoan duen "presentzia militarrari" eutsiko diola hitz eman du.

Santosek azaldu duenez, "datozen egunetan" jakinaraziko dute zer moduz doazen elkarrizketak eta Gobernura iritsi zenetik "bakea bilatzeko eginbehar konstituzionala" bete duela azpimarratu du.

Azkenik, presidenteak esan du Gobernuak "zuhurtziaz, seriotasunez eta irmoki" jokatuko duela, "herritar guztien ongizatea eta lasaitasuna lehenetsiz".

50 urteko gatazka

Santosen prentsaurrekoaren aurretik, Telesur telebista kateak eta RCN Radio de Colombiak zabaldu zuten albistea. Gobernuak eta FARCek 50 urteko gatazka odoltsuari amaiera emateko elkarrizketei ekitea adostu zutela jakinarazten zuten bi hedabideek.

Kolonbiako hedabideek zehaztu dutenez, elkarrizketak Habanan (Kuba) izango dira, eta bi alde horiez gain, Kubako, Venezuelako eta Norvegiako gobernuetako ordezkariek parte hartuko dute.

Bogotako telebista publikoaren arabera, Gobernuak FARCekin izango dituen elkarrizketetan lau zutabe nagusi egongo dira Gobernuarentzat: giza-eskubideak, partehartze politikoa, nekazal inguruen garapena eta gizarteratzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea