AEB-ko Hauteskundeak -
PROFILA
Ann Romney, etxekoandre ezezaguna
Ann Romneyk 62 urte eta bost seme ditu. Mitt Romney hautagai errepublikanoaren emaztea da, eta gizarte estatubatuarraren alde kontserbadore eta tradizionala ordezkatzen du.
N.GONZALEZ
Gizarte estatubatuarraren begietara, Ann Romney Mitt Romney hautagai errepublikanoaren emaztea pertsonai publiko berria eta ezezaguna da oraindik. Mormoia eta bost semeren ama da Ann Romney, eta etxekoandre estatusa defendatu du: "Bost seme hezi eta etxean geratzeko erabakia hartu nuen; sinets iezadazue: lan gogorra da". Annek gizarte estatubatuarraren aurpegi kontserbadore eta tradizionala ordezkatzen du.
Romneyren emazteak boto-emaileekin konektatzeko duen erraztasuna aprobetxatzea erabaki du Alderdi Errepublikanoaren kanpaina-taldeak. Izan ere, diru-bilketak egiteko ekitaldietan Ann Romneyren presentzia erabakigarria izan da. Senarrarekin batera, herrialdean zehar ibili da Alderdi Errepublikanoaren hauteskunde primarioetan, eta hautagai errepublikanoarentzat oso garrantzitsuak izan ziren diskurtsoetan influentzia handia izan zuen Ann Romneyk.
Ann Romneyk emakume estatubatuarren benetako kezka ekonomia-kontuak direla adierazi du. Duela gutxi egin dioten elkarrizketa batean, hautagai errepublikanoaren emazteak hau adierazi du: "Bost axola etxekoandreak, langileak edo amonak diren. Ba al dakizu zertaz hitz egiten duten guztiek? Lanaz eta gure seme-alabei utziko diegun zorraz".
1998an, Ann Romneyri esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten. Ordutik aurrera, gizartea gaixotasunaren inguruan kontzientziatzen eta horren inguruan ikertzeko dirua biltzen gogotsu aritu da. Ann Romneyk gaixotasun hori pairatzen duten pertsonen bizitzak hobetzeko helburua du.
Mitt Romneyren emazteak fedean oinarritutako erakunde komunitarioek egiten duten lanean sinesten du, eta horiek gizartean eragin garrantzitsua izan dezaketela esan du. Ann Romneyk umeen ongizatea hobetzearen alde egiten du bai nazio-mailan, bai nazioarte mailan. Romney kirolzalea da, eta Right to play izeneko irabazi asmorik gabeko erakundea garatzen lagundu zuen. Horretan kirola eta jolasa erabiltzen dituzte umeen garapenerako erreminta gisa munduko zonalde ez lagunduetan.
Hala eta guztiz ere, Ann Romneyk, eta Romney familiak oro har, lan handia egin beharko du estatubatuarren artean ezagun bihurtzeko.