Mundua -
Ekuadorreko enbaxadan dago
Suediak ez du Assange estraditatuko, heriotza-zigor arriskurik badago
AEBetara estraditatu ala ez erabaki aurretik, WikiLeaksen sortzaileak heriotza-zigorrik jasoko ez duela bermatu beharko liokete Suediari. Correaren ustez, suizida litzateke agenteak enbaxadan sartzea.
Erredakzioa
Suediako Justiziak ez du Julian Assange AEBetara estraditatuko, WikiLeakssen sortzaileak heriotza-zigorrik jasotzeko arriskurik baldin badu.
"Heriotza-zigorraren mehatxupean dagoen pertsonarik ez dugu inoiz estraditatuko'', esan du Cecilia Riddselius Suediako Justizia Ministerioko gai penaletako arduradunak.
Hala, Assange AEBetara estraditatu ala ez erabaki baino lehen, WikiLeaksen sortzaileak heriotza-zigorrik jasoko ez duela bermatuko beharko liokete Suediari hango agintariek.
Halaber, Riddseliusek argitu du AEBek oraindik ez diotela Suediari Assangeren estradizioa eskatzeko izapide formalik aurkeztu.
Ustez hainbat emakumeri sexu-erasoak egiteagatik eman du Suediak Justiziak Assange atxilotzeko agindua, eta Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan hartu du babesa Assangek.
Correa: ''Suizida litzateke agente britainiarrak enbaxadan sartzea''
Rafael Correa Ekuadorreko presidentearen ustez, ''suizida'' litzateke Britainia Handiko agenteak indarra erabiliz Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan sartzea WikiLeaksen sortzailea atxilotzera.
Anonymousek Britainia Handiko Gobernuaren web orrialdeari eraso egin dio
Anonymous pirata informatikoen taldeak azken 24 orduotan hainbat eraso egin dizkie Britainia Handiko Gobernuaren web orrialdeei, Erresuma Batuko Gobernuak jakitera eman duenez. Eraso horiek Julian Assange Wikilakseko sortzaileari Ekuadorreko Enbaxadan ez sartzeko Londresek egindako mehatxuengatik eta hori atxilotzeagatik izan dira.
David Cameron lehen ministroaren eta Barne Ministerioaren bulegotik esan dutenez, erasoek ez dute ia arazorik eragin, baina Justizia Ministerioak azaldu du bere web-orrialdeak kalteak izan dituela.