Mundua -
Sexu-erasoen salaketagatik
Ekuadorrek asilo politikoa eman dio Julian Assangeri
Erabakia nazioarteko zuzenbideari jarraituta eta AEBetara estraditatzeak bizia arriskuan jarriko lukeela kontuan izanda hartu dute.
Erredakzioa
Ekuadorreko Gobernuak aditzera emandakoaren arabera, Julian Assange WikiLeakseko sortzaileari asilo politikoa ematea erabaki du.
Ricardo Patiño Kanpo Harremanetako ministroak prentsaurrekoan eman du erabakiaren berri. Patiñoren hitzetan, erabakia nazioarteko zuzenbideari jarraituta eta AEBetara estraditatzeak bizia arriskuan jarriko lukeela kontuan izanda hartu dute.
Ekuadorreko erabakiak "desengainua" sortu du Erresuma Batuan. Komunikatu batean aditzera eman dutenez, Erresuma Batuko legediari jarraituta eta aukera guztiak agortuta, "Gobernuak Assange Suediara estraditatzera derrigortuta dago".
Hala ere, Erresuna Batuko Gobernuak "irtenbide bat negoziatzearen alde" dagoela azpimarratu du, Assange Suediara estraditatzeko helburuarekin.
"Eginkizun hori bete behar dugu. Ekuadorreko Gobernuaren erabakiak ez du ezer aldatzen", adierazi dute. "Gure legeen arabera, Assangek agintari britaniarrengana jotzeko aukera guztiak agortu ditu, eta gure betebeharra Suediara estraditatzea da", gaineratu du.
Ekuadorren enbaxadan ekainaren 19tik
Assange Ekuadorren enbaxadan dago, Londresen, ekainaren 19tik. Asilo politikoa eskatu zion Hego-amerikako herrialdeari "babesik gabe" dagoelakoan.
Wikileaksen fundatzaileak dio AEBen "jazarpen politikoaren" biktima dela, Irakeko eta Afganistango gerretako txosten sekretuak zabaltzeagatik.
Assangek Ekuadorren ausardia eskertu du asilo politikoa ematean
Jualian Assange Wikileakseko sortzaileak Ekuadorreko Gobernuaren “ausardia” eskertu du asilo politikoa ematean, ustez biktima den “jazarpenaz” babesteko.
"Esker onekoa naiz Ekuadorreko herriarekin, Rafael Correarekin eta horren Gobernuarekin”, esan du Assangek ohar baten bidez”. “Ez da Erresuma Batua, ezta jaio nintzen hiria, Australia, izan jazarpenetik babestea egin duena, Latinoamerikako nazio independiente eta ausarta baizik”, nabarmendu du.
Erresuma Batuak Julian Assangeri Enbaxadatik irtetea debekatu dio
Willian Hague Erresuma Batuko Kanpo Arazoetako ministroak esan du Gobernuak ez duela onartuko Julian Assange Ekuadorrera joateko baimena; ondorioz, Ekuadorreko Enbaxada Londresen utziko balu atxilotu egin dezakete.
Haguek azaldu duenez, bere Administrazioarentzat “legezko obligazioa” dago Assange Suediara estraditatzeko, Ekuadorreko Gobernuak asilo politikoa eman arren.
Amerikako Estatuen Erakundeak ostiralean erabakiko du kantzilerren bilera deitu edo ez
Amerikako Estatuen Erakundeko Kontseilu iraunkorrak Erresuma Batuari eta Ekuadorri buruzko ohiz kanpoko bilera itxi du ostiralerako bilera bat deituta; bertan ordezkariek kantzilerren bilera bat deitu edo ez erabakiko dute Julian Assange Wikileakseko sortzailearen kasua aztertzeko.
Ordezkariak 15:00etan bilduko dira (19:00 GMT) ostiral honetan Ekuadorrek aurkeztutako irtenbide proposamenaren inguruan bozkatzeko. Ekuadorrek kantzilerren bilera abuztuaren 23an, 10:00etan (14:00 GMT) egitea eskatu du.