Mundua -
Errepresioa Sirian
Kofi Annanek utzi egingo dio Siriako bitartekari izateari
Bitartekaritza abuztuaren bukaeran utziko du, baina Ban Ki-Moonek ordezkoa bilatzeari ekin dio. Siriak bere “atsekabea” erakutsi du Annanen erabakiagatik.
Erredakzioa
Kofi Annan Nazio Batuen Erakundeko idazkari orokor ohiak utzi egingo dio Arabiar Ligaren Siriarako bitartekari izateari, gaur ohar batean jakinarazi duenez. Bitartekaritza abuztuaren bukaeran utziko du, baina Ban Ki-Moonek ordezkoa bilatzeari ekin dio.
Annanek azaldu duenez, bitartekari izaten jarraitzeari uko egitearen erabakia hartu du “ezinezkoa delako niretzat edo beste pertsona batentzat” arabiar herrialdeko gatazkari amaiera jarriko dion akordio politikoa lortzeko beharrezko pausoak ematea.
“Ezinezkoa da niretzat edo beste edozein pertsonarentzat prozesu politiko bat irekitzeko pausoen beharraz konbentzitzea Gobernua eta oposizioa”, esan du Annanek Genevan emandako prentsaurrekoan. Nazioarteko komunitateak batasun falta duela nabarmendu du gatazka armatuko 17 hilabeteei amaiera jartzeko.
"Arabiar Ligak eta Nazio Batuen Erakundeak bidalitako persona izanda, ezin dut bakea beste protagonistek baino gehiago bilatu nahi izan, edo nazioarteko komunitateak baino gehiago”, azaldu du Annanek.
Halere, Annanen ustez, “Siria oraindik salbatu daiteke hondamen okerrenetatik”, baina, horretarako, “nazioarteko komunitateak beharrezko lidergoa erakutsi behar du”.
Siriak “atsekabea” erakutsi du Annanen erabakiagatik
Damascok bere atsekabea erakutsi du Kofi Annanek Siriako bitartekari izateari utziko diolako, eta herrialde batzuei erabaki horren eragile izatea leporatu die.
“Siriak bere atsekabea erakutsi du Kofi Annek bitartekari izateari utzi egingo diolako”, esan du Kanpo Arazoetako Siriako Ministerioak ohar batean.
Siriako erregimenak azaldu duenez, “Annanek beti erakutsi izan du bakearekiko duen konpromisoa”, baina “Siria ezegonkortu nahi duten herrialdeak izan dira bere misioa blokeatu dutenak”, gaineratu du.
NBEk esan du Alepogatiko borroka “hastear” dela
Herve Ladsous Nazio Batuen Erakundearen Bake Operazioen idazkariordeak esan duenez, Siriako indarkeria okerrera doa etengabe, batik bat Alepon, herrialdearen iparraldean, eta oposizioaren eta Siriako Armadaren arteko borroka handiena “hastear” dela nabarmendu du.
AEBk Txina eta Errusia erruduntzat hartu dituzte Annanen erabakian
AEBetako Gobernuak gaur Txina eta Errusia erruduntzat jo ditu Kofi Annanek Siriako bitartekari izateari uzteko erabakian. Esan dutenez, Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluan Bachar Al Asaden erregimena ez kondenatzea izan da arrazoia.
Annanek egindako bake plana betetzeko “konpromisoa” izan arren, Asad presidentea “bere herrialdea suntsitzen dabil”, nabarmendu du Jay Carney Etxe Zuriko bozeramaileak.