Mundua -
AEB
Tiroketa Denverren: 12 hildako Batmanen pelikularen estreinaldian
Erasotzailea, 24 urteko gaztea, beltzez zegoen jantzita, eta polizia-kasko bat, balen kontrako txalekoa eta betaurrekoak zeramatzan.
Erredakzioa
Gasaren kontrako masakara batekin mozorrotutako gizon batek errifle batekin tiro egin du Denverreko (AEB) zinema-areto batean eta 12 pertsona hil eta 40 inguru zauritu ditu, Batmanen azkeneko pelikula ikusten ari ziren bitartean.10 pertsona hil dira tiroketan eta beste bi Swedish ospitalean. Biktimetako bat hiru hilabeteko haurtxoa da, Michael Booth medikuak zabaldu duenez.
Hasiera batean 14 hildako zeudela zabaldu bdute ere, Poliziak egindako azken zenbaketaren arabera 12 dira hildakoak eta 38 inguru zaurituak.
Antza denez, larrialdeterako eskuineko atetik sartu da, eserlekuen lehenengo ilararen ondoan dagoena, erasoaldia hasi baino lehen, pelikularen 30-40 minutu inguru ikusita zituztenean.
KOA bertako irratiak zabaldu duenez, gizonak Aurora auzoan dagoen aretoan sartu eta tiro egin du eta ke edo gas-bonba bat bota. Poliziaren kalkuluen arabera, 40 zauritu inguru daude.
Ustezko erasotzaileak errifle batekin tiro egin du eta orain atxilotuta dago, aipatutako iturrien arabera. Zinematik gertuko parking batean atxilotu dute, soinean errifle bat eta pistola bat zeramanean. Esan duenez, lehergailuak bere etxean ditu gordeta. Informazio hori ezagutu ostean, Aurorako iparraldeko eraikin bat hustu dute, Dan Oates Poliziako nagusiak jakinarazi duenez.
James Holmes 24 urteko gaztea litzateke atxilotua, FBIk zabaldu duenez. Gertaeraren lekuko batek azaldu duenez, erasotzailea beltzez zegoen jantzita, eta polizia-kasko bat, balen kontrako txalekoa eta betaurrekoak zeramatzan.
Antza, Gateway eskolara eraman dituzte lekukoak, galdeketa egiteko. Ez dakite oraindik zein den zaurituen larritasun maila.