Mundua -

Hauteskundeak Grezian

Demokrazia Berria alderdiaren garaipena, arnasa Europarentzat

Botoen % 94 zenbatu ostean, alderdi kontserbadoreak botoen % 29,78 lortu du. Andonis Samaras alderdiburuak salbazio nazionaleko Gobernu bat eratzeko deia luzatu die gainontzeko alderdiei.

Andonis Samaras, Demokrazia Berria alderdiko burua. Argazkia: EFE
Andonis Samaras, Demokrazia Berria alderdiko burua. Argazkia: EFE
Andonis Samaras, Demokrazia Berria alderdiko burua. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andonis Samaras buru duen Demokrazia Berria alderdi kontserbadoreak irabazi ditu Greziako hauteskunde legegileak eta, gehiengo osoa lortu ez badu ere, Gobernua eskuratu ahal izango du Pasokeko sozialdemokraten laguntzarekin erreskatearen aldeko koalizio bat osatuta.

Botoen % 99,96 zenbatu ostean, Demokrazia Berriak botoen % 29,66 eskuratu du, eta Syrizak, berriz, % 26,89 lortu du.

Emaitza horiek eskuartean, Demokrazia Berriak 129 eserleku lortu ditu; Syrizak, 71; Pasokek, 33; Greziar Independenteek, 20; Urrezko Egunsentiak, 18; Dimarrek, 17; eta Alderdi Komunistak, 12.

Hori horrela, Demokrazia Berriak eta Pasokek, Europar Batasunarekin herstura neurriak adostu zituen alderdiak, 162 eserleku izango dituzte, gehiengo osoa ematen duten 151 eserlekuetatik gora.

Andonis Samaras alderdiburua komunikabideen aurrean azaldu da, eta hauteskundeak irabazi dituela iragarri du. Samarasek salbazio nazionaleko Gobernu bat eratzeko deia luzatu die gainontzeko alderdiei.

"Greziarrek eurogunean mantentzearen alde bozkatu dute gaur", azpimarratu du kontserbadoreak.

Demokrazia Berria alderdia Lukas Papadimosek gidatutako koalizio Gobernuaren parte izan zen. Euroarekin jarraitzearen alde dago, eta troikak ezarritako neurriak babestu zituen. Hala ere, hauteskunde kanpainan Demokrazia Berria alderdiak esan duenez, zorra ordaintzeko baldintzak berriro negoziatzea eskatuko dio Europar Batasunari.

Syriza, bigarren indar politikoa

Alexis Tsipras Syriza alderdi ezkertiarraren buruak hauteskundeetan galdu izana aitortu du. Tsiprasek iragarri duenez, doitasun ituna errefusatzen jarraituko du.

"Syriza ez da boza kopuru gehien lortu duen alderdia baina oposizioaren lehen indar politikoa izango da", azpimarratu du. "Oposizio sendoa egingo dugu", esan du; "Europarentzako irtenbide bakarra doitze neurriekin amaitzea da".

Batasun nazionaleko gobernua

Evanguelos Venizelos buruzagi sozialdemokratak "batasun nazionaleko" gobernua osatzea eskaini die Demokrazia Berriari, Syrizari, Pasoki eta Dimarri.

"Grezia euroan nahi badugu, gobernua izan behar dugu biharko", ohartarazi die gainerako alderdiei.

Tsipras Syrizaren buruak, ordea, uko egin dio horrelako gobernu batean parte hartzeari eta zaila dirudi alderdi ezkertiarrek alderdi tradizionalekin gobernua osatzea, are gutxiago Demokrazia Berriak eta Pasokek gehiengo osoa izanda.

Urrezko Egunsentia ultraeskuindarrak eta Dimar zentro-ezkerreko alderdiak aurreko hauteskundeetako emaitzei eutsi die.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea