Mundua -
Pandemia
Txinak herrialdean sartzeko koarentena kenduko du, nahiz eta covid-19 kasuek gora egin
Txinak normaltasunera itzuli nahi du, eta covid-19aren aurkako neurriak lasaitzen ari dira jendeak bertara bidaiatzeko beldurrik izan ez dezan.
Agentziak | EITB Media
Txinak herrialdean sartzeko koarentena kenduko du, urtarrilaren 8tik aurrera normaltasunera itzultzeko ahaleginean.
Covid-19 kasuen igoera ikusita, jendeak ondo pentsatzen du Txinara bidaiatu aurretik. Era berean, herrialde askok proba negatiboa eskatzen diete Asiako herrialdeetatik datozen bidaiariei.
Joan den abenduaren 7an, Txinak kendu egin zuen kutsatutako pertsonek edo kontaktu estuek koarentena egiteko beharra. Orain, azken 48 orduetan egindako test negatibo bat baino ez da eskatuko.
Covidaren aurkako neurriak lasaitzea erabaki dute, Txinako Gobernuak hartutako erabaki zorrotzen ondorioz, herrialdeko ekonomiak okerrera egin baitu.
Erabakia orain hartu da kontuan hartuta datorren urtarrilaren 22an Urteberri Txinatarra dela, eta jendeak herrialdera bidaiatzeko izan dezaken beldurra desagertzea nahi dute.
Arazoa da azken asteetan covid-19 kasuek gora egin dutela; azken 28 egunetan, 815.995 kasu eta 787 heriotza gertatu dira. Horren aurrean, Wang Wenbin Atzerri Ministerioko bozeramaileak lasaitasun mezua helarazi nahi izan du: "Gaur egun, Txinako egoera epidemiologikoaren bilakaera espero dena da, eta kontrolpean dago". Gainera, Txinako Osasun Batzorde Nazionalak iragarri du egunero utziko diola koronabirus kasuak argitaratzeari.
Era berean, Wenbinek argitu nahi du Txinaren kasua beste herrialde askorena bezalakoa dela, eta Mendebaldeko zenbait komunikabidek "puzten edo desitxuratzen" dituztela epidemia prebenitzeko eta kontrolatzeko Txinaren politikak. Gaineratu duenez, ikuspegi global batetik, Txina da, pandemiaren urteetan, gaixo larrien eta hildakoen tasarik txikiena izan duen herrialdea.
Hala ere, Italia, Japonia edo Malaysia bezalako beste herrialde batzuk dagoeneko hasi dira bertan sartu nahi duten txinatar herritarrei covid-19 probak eskatzen.
Pandemiaren hasieran kasu positibo gehien izan dituen herrialdea izan arren, Italiak neurri hori hartu du, aireportu batzuetan Txinatik etorritako bidaiarien ia erdiek positibo eman dutelako.