Mundua -

BISITA OFIZIALA

Zelenski AEBra joango da gaur, Ukrainako gerra abiatu zenetik atzerrira egingo duen lehen bidaia ofizialean

Besteak beste, Joe Biden Estatu Batuetako presidentearekin bilduko da, eta Kapitolioan egingo den saio berezi batean hartuko du parte.

Volodimir Zelenski, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Volodimir Zelenski, artxiboko irudi batean
Zelenski, Washingtonera bidean

1:18

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea Ameriketako Estatu Batuetara joango da gaur bisita ofizialean. Bere herrialdean gerra abiatu zenetik atzerrira egingo duen aurreneko bidaia izango da, eta ikusmin handia piztu du.

AEBko Gobernuak ohar bidez jakitera eman duenez, Joe Biden presidente estatubatuarrarekin bilduko da Zelenski, eta Kapitolioan egingo den saio berezi batean hartuko du parte. Ordezkarien Ganberako eta Senatuko kideen aurrean hitz egingo du, besteak beste.

Etxe Zurian 14:00etan (Euskal Herrian 20:00ak direnean) egingo diote harrera presidente ukrainarrari, eta hainbat gairen artean, "segurtasun nazionalerako neurriak" izango dituzte hizpide Bidenek eta Zelenskik.

Bi mandatariok abenduaren 11n telefonoz izandako elkarrizketa batean adostu zuten bidaia ofizial hau egitea, eta Etxe Zuriak horretarako gonbidapen formala igorri zion Zelenskiri abenduaren 14n. Halere, Ukrainako Gobernuak ez du azkeneko unera arte baieztatu, "segurtasun arrazoiengatik", Zelenski AEBra joango dela.

CNN hedabideak zabaldu duenez, Estatu Batuetako Gobernuak gerrarako materiala igorriko dio datozen asteotan Ukrainari, tartean, Patriot izeneko misilak.

Otsailaren 24an Ukrainan gerra abiatu zenetik, Zelenski ez da herrialde horretatik atera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albiste garrantzitsuak Ukraina albisteak Joe Biden azken albisteak Zelenski albisteak