Mundua -
COP15
Planetaren azaleraren % 30 babestea hitzartu dute Biodibertsitateari buruzko goi bileran
COP15ean parte hartzen ari diren 196 herrialdeetako ordezkaritzek nekazaritzan, akuikulturan, arrantzan eta basogintzan diharduten eremuak modu iraunkorrean kudeatzeko konpromisoa hartu dute. Gainera, 200.000 milioi dolar mobilizatuko dira gutxien garatutako herrialdeentzat.
EITB MEDIA
Abenduaren 7an Montrealen (Kanada) abiatu eta azken txanpan sartu den Nazio Batuen Biodibertsitateari buruzko Konferentziak, COP15 izenez ezagutzen dugunak, planeta babesteko eta biodibertsitatearen galera geldiarazteko akordio historikoa lortu du.
2020an zen ospatzekoa Kunmingen, Txinan, baina bertan behera gelditu zen. Orain, hainbat urteko atzerapenaren ondotik, 196 herrialde parte-hartzaileen ordezkaritzek, besteak beste, hemendik 2030era gutxienez planetaren azaleraren % 30 babestea hitzartu dute biodibertsitatea babesteko.
Horrez gain, nekazaritzarako, akuikulturarako, arrantzarako eta basogintzarako eremuak modu iraunkorrean kudeatuko direla bermatuko dute, biodibertsitatea errespetatzen duten jardunbideen erabilera nabarmen areagotuz; halaber, ekosistema degradatuen % 30 leheneratuko dira, gutxienez.
Goizaldean adostutakoaren arabera, halaber, lehorrean eta itsasoan jarduteko konpromisoa hartu dute parte-hartzaileek biodibertsitatearentzat garrantzi handia duten eremuen galera, osotasun ekologiko handiko ekosistemak barne, zerora hurbil dadin 2030erako, eta, aldi berean, herri indigenen eta tokiko komunitateen eskubideak errespeta daitezen.
Hori guztia aurrera ateratzeko, urtean gutxienez 200.000 milioi dolar bideratuko dira, iturri publiko zein pribatuetatik. Gainera, akordio berriaren arabera, herrialde aberatsenek gutxienez 20.000 milioi emango dizkiete urtean (2025erako helburua) herrialde txiroenei eta 30.000 milioi urtean (2030erako helburua) garapen bidean daudenei, beren izaera babeste aldera.
Era berean aldeek konpromisoa hartu dute 2030erako arriskutsuak diren pestizidek eta produktu kimikoek dakarten gehiegizko mantenugaiak eta arrisku globala erdira murrizteko, eta biodibertsitateari kalte egiten dioten dirulaguntzak pixkanaka kentzeko edo erreformatzeko lan egingo dute.
Espezie exotiko inbaditzaileen etorrera prebenitzea eta horiek eremu geografiko desberdinetan ezartzea eragoztea da akordioaren beste puntuetako bat, baita elikagaiak alferrik galtzea erdira murriztea eta gehiegizko kontsumoa eta hondakinen sorrera nabarmen murriztea ere.
Finantza-erakunde handiei, bestalde, biodibertsitatearen aurkako arrisku, mendekotasun eta inpaktu oro kontrolatu, ebaluatu eta zabaldu ditzatela eskatu die.