Mundua -
Nazioarteko Eguna
Azken zortzi urteetan bizitza hobe baten bila hil diren 51.000 migratzaileak oroitu ditu NBEk
Euren bizitza salbatzea "inperatibo humanitarioa da, betebehar morala eta legezko betebeharra", gogorarazi du erakundeak Migratzaileen Nazioarteko Egunean.
agentziak | eitb media
Nazio Batuen Erakundeak Migratzaileen Nazioarteko Eguna oroitu du gaur, eta omendu egin ditu azken zortzi urteetan bizitza hobe baten bila migrazio ibilbideetan hil diren 51.000 pertsonak.
2020an 281 milioi nazioarteko migratzaile zeuden, eta 2021aren amaieran 59 milioi pertsona zeuden herrialde barnean erbesteratuta.
"Migrazioa hazkunde ekonomikorako, dinamismorako eta ulermenerako eragile indartsua da. Hala eta guztiz ere, arautzen ez denean, ibilbide arriskutsuetatik egiten denean, trafikatzaileen erreinuan, prezioa beldurgarria da", gaitzetsi du Antonio Guterres NBEren idazkari nagusiak.
NBEk lurrean eta uretan desagertutakoak ere izan ditu gogoan, eta horien aldeko aldarrikapena egin du, errespetua merezi dutelako "inolako diskriminaziorik gabe, [migrazioa] behartua, boluntarioa edo baimendua izan den aintzat hartu gabe".
Migratzaileak oparotasun, berrikuntza eta garapen iraunkor iturri direla erakutsi du jatorrizko, bideko eta harrera herrialdeetan, NBEren arabera.
Horregatik, NBEk ahal den guztia egiteko deia egin du, bizitzak salbatzea "inperatibo humanitarioa, betebehar morala eta legezko betebeharra" delako.