Mundua -
Gatazka
Sirian gerra zibila "piztear" dela ohartarazi du NBEk
Ban Ki-moon NBEren idazkari nagusiak esan du Bachar Al Asaden Gobernuak "zilegitasun osoa galdu" duela.
Erredakzioa
Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundearen idazkari nagusiak ohartarazi du Sirian gerra zibila "piztear" dela, eta Bachar Al Asaden Gobernuak "zilegitasun osoa galdu" duela.
"Maila handiko gerra zibila pizteko arriskua gertu dago eta benetakoa da, hori dela eta, bakerako planaren puntuak betetzeko eskaria egiten diot Al Asad presidenteari", adierazi du Banek Asanblada Orokorrean.
Era berean, Siriako Gobernuari NBEren ikuskatzaileei oztoporik ez jartzeko eta lan egiten uzteko eskatu die. Gainera baieztatu egin du "kasko urdinak" zeramatzan ibilgailu batek tiroak jaso zituela Moreken, Al Qubeirren (sarraskia gertatu zen hirian) sartzea galarazi ostean.
"NBEren ikuskatzaileei Al Qubeirren sartzea galarazi diete, sarraskia gertatu zen lekura iritsi nahi zutenean; gainera, tiroak jaso zituzten", adierazi du Banek Nazio Batuen Erakundeen osoko batzarrean.
NBEren arduradun nagusiak gogor gaitzetsi du sarraskia eta "horrelako sarraski bat egiten uzten duen edozein buruzagik gizatasun guztia galdu" duela gaineratu du.
Ez hori bakarrik, Banek uste du Al Asadek eta bere Gobernuak "zilegitasun osoa galdu" dutela eta Kofi Annan Siriako bidali bereziaren bakerako plana gatazka amaitzeko "giltzarri" dela azpimarratu du.