Mundua -

Udaberri arabiarra

Siriako Erregimenak beste sarraski bat egin du Haman

Oposizioak salatu duenez, 100 pertsona inguru hil dituzte, tartean emakumeak eta umeak.

Homs herria, Erregimenak gehien zigortutat herrietako bat. EITB
Homs herria, Erregimenak gehien zigortutat herrietako bat. EITB
Sarraskia Sirian: Ehun hildako inguru

01:22

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Siriako oposizioak salatu du Bachar al Asad presidentearen Erregimenak beste sarraski bat egin zuela atzo Al Qubeir herrian, Hamako probintzian. Hildakoak 100 inguru izan litezke.

Erregimenak bonbardatu egin zuen atzo herria, eta ondoren haren miliziek eta Segurtasun Indarrek ere eraso zioten, Abu Husham ekintzaileak EFE agentziari Internet bidez azaldu dionez.

Iturri horren arabera, hildakoak 100 inguru dira. Toki Koordinazio Batzordeek eta Iraultzaren Batzorde Orokorrak (matxinoen bi talde) 78 eta 30 biktima baieztatu dituzte, hurrenez hurren.

Biktimen artean emakumezkoak eta umeak daude, eta gehienak suzko armekin hil zituzten.

Iturri independenteek ezin izan dute baieztatu sarraskia, Erregimenak muga zorrotzak jarri baitizkie hedabideei.

Duela bi aste, maiatzaren 25ean, Erregimenak sarraskia egin zuen Hula herrian (Homs), eta 100 pertsona inguru hil zituen.

Harrezkero, indarkeria gordindu egin da Sirian, eta matxinoek hautsi egin dute apirilaren 12an indarrean sartu zen su-etena.

Hulako sarraskiaren ostean, halaber, nazioarteak areagotu egin du Erregimenaren aurkako presioa, eta hainbat herrialdek enbaxadore siriarrak egotzi dituzte.

NBEren arabera, iazko martxoan iraultza demokratikoa hasi zenetik, 10.000 pertsona hil dira, 230.000k etxea utzi behar izan dute eta 60.000k atzerrira ihes egin dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea