Mundua -
Presidenterako hauteskundeak
AEBetako hauteskundeak ulertzeko hiztegia
'Super-PAC', 'caucus', 'Hautesleen Biltzarra' eta hauteskunde hauetan entzungo dituzun beste hainbat hitz.
D. Perez
Barne hauteskundeak. Alderdi Demokratak eta Errepublikanoak hainbat ordezkari hautatzeko prozesu luzea da. Ordezkari horiek AEBetako presidente izateko hautagaiak izendatzen dituzte Biltzar Nazionaletan.
Biltzar Nazionala. Alderdiek presidentegaia izendatzeko ekitaldiak dira. Alderdi Demokrataren Biltzar Nazionala irailaren 3tik 6ra egingo dute, Charlotten (Ipar Carolina), eta Alderdi Errepublikanoarena abuztuaren 27an, Tampan (Florida).
Caucus. Barne hauteskundeak hainbat Estatutan (Iowan eta Nevadan, kasu) egiteko modua da. Hauteskunde primarioena baino, auzokide-bilera baten antza daukate; izan ere, hautagaien ordezkariak eskoletan, elizetan edo etxebizitzetzan batzartzen dira, eta eskua jasota bozkatzen dute.
Hautesleen Biltzarra. AEBetako presidentea hautatzen duen erakundea. Hobeto uler dezagun: hauteskundeetako garailea ez da herrialde osoan boto gehien lortzen dituena, baizik eta Hautesleen Biltzarrean ordezkari gehien eskuratzen dituena. Estatu bakoitzari ordezkari kopuru bat dagokio erakunde horretan, eta Estatu batean irabazten duen hautagaiak, horren ordezkari guztiak bereganatzen ditu. Informazio gehiago: AEBetako hauteskunde sistema korapilatsua.
Kongresua. AEBetako botere legegilea duen erakundea. Bi ganbera ditu: Senatua eta Ordezkarien Ganbera.
Ordezkarien Ganbera. AEBetako Kongresua osatzen duten bi ganberetako bat, Senatuarekin batera. Herritarrak ordezkatzen ditu. Hauteskunde hauetan, Ordezkarien Ganberako 435 kideak hautatuko dituzte.
Senatua. AEBetako Kongresua osatzen duten bi ganberetako bat, Ordezkarien Ganberarekin batera. Estatuak ordezkatzen ditu. Hauteskunde hauetan, 33 senatari aukeratuko dituzte.
Superasteartea. Barne hauteskundeak estatu gehiagotan egiten dituzten eguna.
Super-PAC. 2010eko uztailean sortutako taldeak dira. Helburua ideiak eta politikak finantzatzeko funtsak biltzea da, baina debekatuta dute hautagaiak zuzenean finantzatzea. Ez dute funts mugarik, eta, teorian behintzat, independenteak izan behar dute. Dena dela, praktikan, hainbat taldek loturak dituzte hautagaiekin, hala nola American Crossroads-ek Mitt Romeneyrekin, eta Priorities USA-k Barack Obamarekin.