Mundua -
800 manifestari hiltzeagatik
Mubarak espetxeratu dute biziarteko kartzela-zigorra betetzeko
Egiptoko presidente ohiaren abokatuek erabakiaren aurkako helegitea aurkeztuko dute. Bitartean, milaka lagun Tahrir plazan bildu dira epaiaren aurka protestatzeko.
Erredakzioa
Hosni Mubarak Egiptoko presidente ohia Torako kartzelan sartu dute "osasun arazo larri bat" izan ostean, Egiptoko telebista kate ofizialak jakitera eman duenez. Kairoko Zigor Auzitegiak biziarteko espetxe-zigorra ezarri dio larunbat honetan, iaz bera kargutik kenduta bukatu ziren protestei aurre egiteko errepresioan 800 manifestari baino gehiago hiltzeko konplize izateagatik.
Mubaraken abokatuek dagoeneko esan dutenez, helegitea aurkeztuko dute epai horren kontra. Mahmud Hashem abokatuaren arabera, agintari ohiaren abokatuek 60 eguneko epea dute (larunbatetik aurrera) helegitea aurkezteko.
Bestalde, Munir Ramadan jeneralaren hitzetan, Egiptoko Konstituzio militarraren 123. artikuluak zehazten duenez, zigor prozesu batean zigortu ondoren, Armadan zituen maila, abantailak eta domina guztiak kendu beharko dizkiote.
Protestak
Halaber, milaka lagun bildu dira Kairoko Tahrir plazan epaiaren aurka protestatzeko. Manifestariek hesiak jarri dituzte plazan ibilgailuen trafikoa eteteko, eta iluntze partean jende gehiago bildu da bertan.
Elkarretaratzean, "Herriak Mubarak hiltzea nahi du" eta "Baliogabea" esan duten bertan bildutakoek ohiuka. Larunbat honetan ezagutzera eman den epaiak baliorik gabe utzi ditu Mubaraki eta Alaa eta Gamal bere semeei egotzitako ustelkeria akusazioak. Epaiak dioenez, denbora gehiegi igaro da ustelkeriarekin lotutako ustezko delitu hauek egin zirenetik eta berandu da hauek epaitu ahal izateko.
Epaiketa luzea
"Mendeko epaiketa" izenaz ezagutu dena 2011ko abuztuaren 3an hasi zen, Mubarak eta bi seme atxilotu ostean. Prozesuaren espedienteak 60.000 orrialde bildu ditu, eta 49 saio eta 250 ordu behar izan dituzte kasua aztertzeko.