Mundua -
Kairoko Auzitegiak
Biziarteko espetxe-zigorra jarri diote Mubaraki
Kairoko Auzitegiak manifestariak hiltzea egotzi dio. Hosni Mubarak Torako espetxeko ospitalean dago jada.
Erredakzioa
Hosni Mubarak Egiptoko presidenteari biziarteko espetxe-zigorra ezarri dio Kairoko Auzitegiak manifestariak hiltzea egotzita.
Aurrekoetan bezala, Egiptoko presidente ohia ohean iritsi da ospitaletik Polizia Akademiara.
Biziarteko espetxe-zigorra jarri diote baita ere Habib al Ahli Barne ministro ohiari, manifestariak hiltzea egotzita. Euren sei laguntzaileak, ordea, absolbitu egin dituzte proba nahikoak ez daudela iritzia.
Fiskaltzak heriotza zigorra eskatzen zuen Mubarakentzat, 2011ko urtarrilaren 25ean hasi ziren protestetan, manifestarien aurka tiro egitea agintzeagatik.
Bestetik, Egiptoko presidente ohia, honen bi seme, Alaa eta Gamal eta Husein Slaem enpresaburua legez kontra aberastearen delituagatik absolbitu egin ditu Auzitegiak.
"Mendeko epaiketa" deiturikoa 2011ko abuztuaren 3an hasi zen, Mubarak eta honen bi semeak atxilotu ostean.
60.000 orrialdeko txostenak 49 saiotan egin du aurrera eta 250 ordu eta gero, Kairoko Auzitegiak Mubarakek manifestariak hiltzea agindu zuela ondorioztatu du.
Liskarrak epaitegiaren kanpoaldean
Hosni Mubarak presidente ohiaren aurkako ehunka lagun bildu dira Auzitegiaren kanpoaldean eta epaiaren berri izan eta gero, liskarrak izan dira; manifestariak poliziaren aurka harrika hasi omen dira.
Espetxeko ospitalera eramango dute
Fiskaltzak Torako espetxera (Kairo hegoaldea) bidali du Hosni Mubarak. Orain arte, 84 urteko presidente ohia ospitalean zegoen osasun arazoak zituela eta.
Torako espetxera iritsi denean, bihotzeko krisiak jota artatu behar izan dute.