Mundua -
Premiazko bilera NBEn
Hulan 116 pertsona hil zituztela salatu du begiraleen arduradunak
Segurtasun Kontseiluak premiazko bilera egin du ostiraleko sarraskia aztertzeko. Siriako Gobernuak, bestalde, ardura berea ez dela esan eta errua Al Kaidako talde terroristei bota die.
Erredakzioa
Ostiralean Hula hirian izandako sarraskian gutxienez 116 pertsona hil eta 300 zauritu zituztela salatu du Robert Mood Nazio Batuen Elkarteko (NBE) begiraleen buruak, Segurtasun Kontseiluaren aurrean.
Mood general norvegiarrak Damascotik hitz egin du, bideokonferentzia bidez, Segurtasun Kontseiluak New Yorken ateak itxita egindako bileran. Premiazko bilera horretan ostiraleko sarrazkia aztertu dute.
Bachar Al Ashaden erregimenaren oposizioaren arabera, Siriako Armada izan zen Hulako sarraskiaren eragilea.
Gobernuak erantzukizuna ukatu du
Bestalde, Siriako Gobernuak ostiralean Hula hirian zibilen aurka izandako sarraskiaren erantzukizuna errefusatu du, Jihad Makdissi Siriako Atzerri Gaietarako Ministerioaren bozeramaileak adierazi duenez.
Bozeramaile honek oposizioak eskainitako bertsioa ukatu du. "Ez dugu artilleriarik edo arma astunik erabili", esan du, "Siriaren interes bakarra zibilak babestea da". "Hainbat emakume, haur eta adineko hil tirokatu zituzten eta hori ez da Siriako Armadaren zigilua", azaldu du Damaskoko Gobernuaren arduradun honek.
Kofi Annan Damaskora iritsiko da igande gau honetan (hilabete batean bigarren aldiz) bake prozesuaren urraketa aztertzeko. Berriemaile berezia Al Asadekin eta oposizioko taldeekin bilduko da.
'Premiazko erantzun sendo bat'
Gauzak horrela, "nazioarteko aliatuekin premiazko erantzun sendo bat" prestatzen ari direla iragarri du William Hague Erresuma Batuko Atzerri Gaietarako ministroak. Ostiral honetako erasoan gutxienez 92 lagun hil dira, horietatik 32 adingabe zirela.
"Aliatuekin nazioarteko mailan premiazko erantzun sendo bat prestatzen ari gara", azaldu du Haguek, "Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluarekin, Europar Batasunarekin eta Nazio Batuen Giza Eskubideen organoekin, besteak beste". Gainera, Haguek esan duenez, "datozen egunetarako NBEko Segurtasun Kontseiluko premiazko saio bat eskatuko dugu".
Erresuma Batuaren lehentasuna "sarraski honen erantzuleak identifikatzea eta epaileen aurrera eramatea" da.
Halaber, Haguek "NBEko begiraleak Hulara sartzen erraztea" eskatu dio Al Assadeko Gobernuari. Gainera, Kofi Annanek sustatuko bake planari jarraipena emateko "operazio militar guztiekin amaitzea" eskatu dio Damaskori.
Larunbat odoltsua Sirian
Larunbat honetan beste 58 lagun, gutxienez, hil dira Siriako hainbat puntutan izandako erasoetan, oposizioko hainbat taldek salatu dutenez. Hildako kopuru hau ezin izan dute baieztatu, zonalde horietan kazetari atzerritarren sarrera oztopatu dutelako.
NBEko datuen arabera, 9.000 lagun hil dira Sirian 2011ko martxoan errepresioa hasi zenetik.