Mundua -
Bozak, Mubaraken ostean
Partaidetza handia izan da Egiptoko hauteskundeen lehenengo egunean
Egiptoko demokraziako lehenengo presidentea hautatuko dute. Bi alderdi islamiarretako hautagai eta Hosni Mubaraken erregimeneko bi goi kargudun ohi dira faboritoak.
Erredakzioa
Botoa emateko eskolek ateak itxi dituzte 21:00etan (19:00 GMT) Egiptoko presidentetzarako hauteskundeen lehenengo itzulian. Ez da istilurik izan eta partaidetza handia izan da, horregatik ordubete beranguago itxi dituzte ateak.
Presidentea hautatzeko hauteskunde egunean normaltasun osoz igaro dira lehen orduak eta jendetza ikusi da hauteslekuetan, Efe agentziak bisitatu dituen Kairoko eta Alexandriako eskoletan.
Ilara luzeak egon dira goizean goiz, Abdin eta Sayeda Zeinad auzoetan, esaterako.
2011 amaierako eta 2012 hasierako Mubaraken erregimena erori eta lehen parlamentu-hauteskundeetan gertatutakoa ez bezala, gaur ez da irregulartasunik atzeman, eta antolakuntza hobea da.
Oraingoan, esaterako, ez da inor ikusten hautesleku kanpoaldean propaganda ematen, aurreko parlamentu-hauteskundean gertatu zen moduan. Lehia handia
Hautagaien arteko lehia oso estua izango dela aurreikusi dute, ez dago esaterik bigarren itzulira nor joango den.
Alde batetik, hautagai laikoak daude, eta horien artean faboritoetako batzuk daude: Amro Musa Liga Arabiarraren idazkari nagusi ohia; Ahmad Shafiq lehen ministro ohia, Mubaraken erregimenaren aldekoen botoak jasoko dituena; eta Hamdin Sabahi, iraultzaileek gogokoen dutena.
Beste aldean islamistak daude: Abdelmoneim Abul Futuh moderatua eta Mohamed Mursi Anaia Musulmanen hautagaia dira islamiarren artean faboritoak.