Mundua -
Brindisin
16 urteko ikasle bat hil da institutu bateko atentatuan, Italian
Italiako komunikabideek bigarren ikasle bat hil dela esan duten arren, ospitaleak ezeztatu egin du eta oso larri dagoela berretsi du.
Erredakzioa
Lagun bat hil da eta beste zazpi ikasle zauritu dira, Brindisiko (Italia hegoaldea) lanbide heziketako institutu baten aurrean eztanda egin duten bi bonben ondorioz. Zaurituetako bi lagun, gainera, oso larri daude, La Repubblica egunkariak argitaratu duenaren arabera.
Melissa Bassi 16 urteko gaztea unean bertan hil da. Ordu batzuk beranduago, ordea, Italiako komunikabideek esan dute bigarren ikasle bat hil dela"Terrino" ospitalean ebakuntza egiten ari ziotela. Hala ere, ospitaleko iturriek ezeztatu egin dute eta Veronica Capodieci oso larri, baino birizik dagoela berretsi dute.
Leherketa 07:45ean gertatu da eta lehen ikerketaren arabera, etxean egindako bi lehergailuak gas botiletara lotuta zeuden, motxila baten barruan, eta aldi berean, institutu ondora mugitutako edukiontzi baten barruan.
Klasera sartzeko zain zeuden ikasleak dira zauritutakoak eta gertaerak hiri osoa hunkitu du. 1992ko maiatzaren 23an mafiaren aurkako epailea zen Giovanni Falcone senarrarekin eta hiru bizkartzainekin batera hil zuten Francesca Morvilloneren izena darama eskolak.
Erasoa "Legezkotasunaren Karabana" hirira iristen den egun berean gertatu da, antolatutako krimenaren eta mafiaren aurkako protesta egiten duen martxa.
Poliziak inguruko eskola guztiak hustu ditu dagoeneko.
Bizilagunen arabera, eztanda oso bortitza izan da eta eskolako leiho guztiak puskatu ditu, baita ondoko eraikinetakoak ere.
Monti: 'Gobernuak irmotasunez jokatuko du'
Mario Monti Italiako lehen ministroak berretsi du Gobernuak "irmotasunez" jokatuko duela "horrelako eraso kriminalen aurka".
Datozen hiru egunetan banderak haga erdian jartzeko deia egin du Montik eta biktimen senitartekoei "elkartasuna" adierazi die.