Mundua -

AEB

Obama, homosexualen ezkontzen aldeko lehenengo presidentea

Hala eta guztiz ere, Obamak aitortu du estatuen eskumena dela legalizatzea. Mitt Romney hautagai errepublikanoak behin baino gehiagotan jo du ezkontza horien kontra.

Barack Obama AEBetako presidentea. Argazkia: Efe
Barack Obama AEBetako presidentea.
Barack Obama AEBetako presidentea. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barack Obama AEBetako presidentea homosexualen ezkontzak legalizatzearen alde agertu da, ABC Newsen egin dioten elkarrizketa batean. Hala ere, bere iritzi pertsonala dela eta homosexualen ezkontzan legeztatzeko eskumena estatuena dela aitortu du.

Obamak azaldu duenez, bere pentsaera aldatu egin da Gobernuan dauden homosexualekin, emaztearekin eta alabekin hitz egin ondoren. Dena dela, azkenaldian Alderdi Demokratako agintariek eta Joe Biden presidenteordeak berak presioa egin diote ezkontza horien alde ager zedin.

"Nire erabakiengatik bizitza arriskatzen duten soldadu, pilotu eta marineak ezkondu ezin dutelako atsekabetuta sentitzen direla ohartu nintzenean konturatu nintzen garrantzitsua zela pauso bat ematea eta sexu bereko pertsonek ezkontzeko eskubidea izan behar dutela aldarrikatzea", adierazi du presidenteak.

Obamak esan du bere iritzi pertsonala dela, baina estatubatuar gehiagok iritziarekin bat egitea espero duela, izan ere, bere alabak ere eroso sentitzen omen dira lagunen guraso homosexualekin.

2004an ez zuen gauza bera esaten

Obamak azpimarratu du Michelle emaztea ere iritzi berekoa dela. Orain arte, aldiz, Obama sexu bereko bi pertsonen batasun zibilaren alde agertu izan da, baina "matrimonio" gisa onartu gabe.

Obamak 2004an, Senaturako hauteskundeetan, esan zuen kristaua zela eta matrimonioa "emakumearen eta gizonen arteko lotura sakratua" zela. 2008ko hauteskundeetarako kanpainan matrimonio izendatzearen kontra agertu zen, baina batasun zibilen alde egin zuen.

Aurrekanpaina

Presidenteak hauteskundeei egingo die aurre azaroan, beraz, ezkontza homosexualen aldeko jarrerak eragina izan dezake emaitzetan. Asteartean Ipar Karolinako herritarrek ezkontza horien kontra bozkatu zuten.

Alderdi Errepublikanoko hautagai izango denak, Mitt Romneyk, argi adierazi izan du ezkontza homosexualen kontrako iritzia. 2004an Massachusetts izan zen ezkontza horiek baimendu zituen lehenengo estatua eta Romneyk, bertako gobernadorea zenez, Justiziara jo zuen baimena bertan behera uzten saiatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea