Mundua -

Afganistan

AEB, harro, Bin Laden hil zutela urte bat bete denean

Barack Obama AEBetako presidentea Kabulen izan zen atzo, ezustean, 2001eko irailaren 11ko atentatuekin hasi zen garaiari amaiera emateko.

Barack Obama AEBetako presidentea, Afganistanen. Argazkia: Efe
Barack Obama AEBetako presidentea, Afganistanen.
Urtebete, Bin Ladenekin bukatu zuen operaziotik

01:20

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBek Osama Bin Laden Al Kaidaren burua hil zutela urte bat bete da gaur eta Barack Obama presidenteak ez du aukera galdu garaipen hura gogorarazteko, izan ere, hauteskundeetan garaipena ekar diezaioke lorpen horrek.

Obama Afganistanera joan zen atzo ezustean eta helburu ofiziala Kabulekin egin duen aliantza iragartzea bazen ere, 2001eko irailaren 11ko atentatuekin hasi zen garaiari amaiera emateko era bat izan zen.

Duela urtebete Pakistango Abbottabaden munduko buruzagi terrorista garrantzitsuena hil izana ez da oharkabean pasatu buruzagi estatubatuarrentzat eta harrotasunez hitz egin dute "garaipen" hartaz AEBetan presidentea aukeratzeko hauteskundeak egingo diren urte honetan.

Era berean, 2001ean Afganistan inbaditu zutenetik Al Kaida ahultzeko egindakoak ere izan dituzte hizpide.

Obamaren Gobernuaren politika antiterroristaren lorpen handiena izan zen maiatzaren 1eko gauean Bin Laden tiroz hil izana, hainbat urtetan haren atzetik ibili baitziren arrakastarik lortu gabe.

Navy Seals izeneko indar berezien operazioa arreta handiz jarraitu zuten Gobernuko, Armadako eta inteligentzia zerbitzuetako goi-agintariek, operazioaren porrotak urtetako lana pikutara bota zezakeelako.

Obama hiltzeko plana

Bestalde, Bin Laden hil eta urtebetera, buruzagi terroristaren etxean atzemandako hainbat dokumentuk Obama hiltzeko planak egiten ari zirela erakutsi dute.

Zazpi pertsona hil dira atentatu batean, Afganistanen

Zazpi pertsona hil eta 17 zauritu dituzte talibanek atzerritarren pentsio baten kontra egindako bi erasotan.

Obamak Afganistandik alde egin eta ordu gutxira izan da erasoa, NATOren tropen base batetik gertu.

Zabiula Mayuahid talibanen bozeramaileak bere gain hartu du erasoa eta erasoaren helburua Obamak Afganistanekin lotu berri duen akordioari erantzutea zela esan du.

Obamak hamar urterako aliantza militarra sinatu zuen Hamid Karzai Afganistango presidentearekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea