Mundua -
Krisi politikoa
Batzorde militarrak eta alderdi politikoek akordioa lortu dute Egipton
Batzar Konstituziogile berria sortuko dute. Akordioak, gainera, Konstituzioa maiatza eta ekaina artean egingo diren hauteskundeak baino lehenago idatzita egotea gomendatzen du.
Erredakzioa
Egiptoko Batzorde Militarra eta indar politiko nagusiak ados jarri dira Batzar Konstituziogile berria sortzeko. Justiziak aurreko batzarra bertan behera utzi zuen liberalen boikota ikusita.
Mena Estatuko albiste agentziaren arabera, akordioa sei puntutan banatuta dago eta punto horiek Konstituzioa idatziko duen batzordearen oinarriak jartzen dituzte.
Era berean, akordioak Konstituzioa maiatza eta ekaina artean egingo diren hauteskundeak baino lehen idatzita egotea gomendatzen du. Hauteskundeen lehen itzulia maiatzaren 23 eta 24erako aurreikusita dago, eta bigarren itzulia egitea beharrezkoa balitz, ekainaren 16-17an egingo lukete.
Egiptoko telebista ofizialak akordioa egin duten bileraren zenbait irudi eman ditu. Bertan zeuden, besteak beste, Mohamed Husein Tantau mariskala eta Batzorde militarreko burua; Mohamed Mursi, Anaia Musulmanen Askatasuna eta Justiziaren alderdiko presidentea; Emal Abdel Gafur Al Nur alderdi salafistako liderra, eta Sayed el Badaui Wafd alderni nazionalistako buruzagia.
Kuotak
Akordioaren arabera, batzordea osatuko dutenen kuoten inguruan ados egotea ezinbestekoa da. Gainera, alderdi bakoitzak talde politikoen eta erakundeen kide direnak proposatu beharko dituzte batzordean egoteko.
Zentzu horretan, Al Azhar sunien erakunde erlijiosoak eta katolikoen, kopto-ortodoxoen eta ebangelisten elizek ordezkariak izango dituzte batzordean, baita ikasleek, emakumeek eta urrituek ere.