Mundua -

Hauteskundeak Frantzian

François Hollandek suspertu egin du ezker europarra

Hautagai sozialista Sarkozyri gailendu zaio lehen itzulian. Muturreko eskuina, hirugarren.

François Hollande sozialista. EFE
François Hollande sozialista. EFE
Hollande Frantziako hauteskundetako lehen itzuliaren garailea izan da

01:15

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako ezkerra suspertu egin da igande honetan, François Hollande sozialista bozkatuena izan baita Frantziako Presidentziarako hauteskundeen lehen itzulian. Muturreko eskuinaren hazkundea ere nabarmena izan da, eta hirugarren egin du.

Hori horrela, buruzagi sozialista Nicolas Sarkozyrekin lehiatuko da bigarren itzulian, maiatzaren 6an.

Hain zuzen ere, François Hollandek botoen % 28,63 lortu ditu, eta Nicolas Sarkozyk % 27,08.

Marine Le Pen Fronte Nazional xenofoboaren hautagaia hirugarren izan da, botoen % 18,01 eskuratuta. Le Penek inoiz baino boto gehiago lortu ditu muturreko eskuinarentzat, 2002an Jean-Marie aitak lortutakoak baino gehiago. Dena dela, duela 9 urte gertatu ez bezala, oraingoan alderdiak ez du lortu bigarren itzulian sartzea.

Le Penen ostean, honako hautagaiak geratu dira: Jean-Luc Melenchon ezkertiarra (botoen % 11,13); François Bayrou zentrista (% 9,11) eta Eva Joly 'berdea' (% 2,28).

Ipar Euskal Herrian ere Hollande nagusitu da, 1.400 botoko aldeaz. Iparraldeko boto-emaileak zentro-eskuinekoak izan ohi badira ere, hautagai sozialistak hainbat herritan irabazi du, hala nola Baionan, Hendaian eta Maulen.

Lehen itzuliaren parte-hartzea % 80,3koa izan da, 2007koa baino txikoagoa (% 83,77koa izan zen orduan).

HOLLANDE, FABORITO BIGARREN ITZULIAN

Testuinguru honetan, baliteke Hollanderen eta Sarkozyren arteko aldea handitzea bigarren itzulian, hots, gainerako hautagaien boto-emaileek bataren edo bestearen alde egin eta gero.

Inkesten arabera, hautagai sozialistaren alde Melenchonen boto-emaileen % 80 eta Bayrourenen % 33 agertuko dira.

Bestalde, Sarkozyk Le Penen boto-emaileen % 50en eta Bayrourenen % 32ren babesa lortuko du.

Ipsos enpresak egindako inkesta batek zortzi puntuko aldea ematen dio Hollanderi (% 54; Sarkozyren % 46ren aurrean). BVA eta CSA konpainiek egindako inkestek 14 punturaino igotzen dute aldea.

NORABIDE ALDAKETA EUROPAN?

Ezustekorik ezean, Hollandek garaipena lortuko du bigarren itzulian ere, eta horrek norabide aldaketa ekarriko du, Frantzian ez ezik, Europar Batasun osoan ere bai.

Izan ere, orain arte Merkel-Sarkozy bikoteak gobernatu du Europan, nahieran. Alemaniako kantzilerrak eta orain arteko estatuburu frantziarrak murrizketa eta aurrezte politika zorrotzak ezarri dituzte eurogunean, baina Hollandek hazkundea sustatzeko inbertsioak egin nahi ditu.

Hori dela eta, Hollanderen proposamenek Europa osoan piztu dute ikusmina, eta berak jakin badaki. "Frantziak, ezkerrak eta Europak ez dute inoiz hainbeste izan jokoan", ohartarazi zuen hauteskunde-kanpainan.

Merkelen ortodoxiaren aurka talka egiten duten beste hainbat neurriren artean, Hollandek Europako Aurrekontu Ituna berriz negoziatzea, 'eurobonoak' sortzea eta finantza transakzioei zergak jartzea ('Tobin' tasa) daude.

Azken hilabeteetan, Merkel ere 'Tobin' tasa ezartzearen alde izan da, baina eragozpenak agertu ditu epeak eta metodologiak adosterakoan.

HAUTAGAIEN ADIERAZPENAK

Lehen itzuliko emaitzak ezagutu eta gero, Françoise Hollandek "aldaketa nahi dutenen" hautagai gisa aurkeztu du bere burua, eta Frantziako mugetatik at berari begira daudela onartu du.

Hollanderen ustez, garaipena "bost urteko legealdiari emandako zigorra" izan da.

Nicolas Sarkozyk esan du "ulertu" egiten dituela frantziarren "beldurrak". Eskuin muturreko botoen bilketa hasi den erakusle, "beldur" horiek "immigrazioaren kontrola", "gure mugen errespetua" eta "frantziarren bizimoduen biziraupena" direla aipatu du.

Marine Le Pen ultraeskuindarra pozez gainezka agertu da, eta bere alderdia Frantziako hirugarren indarra bihurtu den honean, "bataila hasi baino ez da egin" ohartarazi du.

Jean-Luc Melenchon eta Eva Joly ezkertiarrek bigarren itzulian Hollanderen alde bozkatzeko deia egin die euren boto-emaileei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea