Mundua -

Epaiketa Norvegian

Atentatuen egiletza aitortu, baina errugabea dela esan du Breivikek

Anders Behring Breivik ultraeskuindarraren kontrako epaiketa hasi da uztailean Oslon eta Utoya uhartean izandako sarraskiagatik. Akusatuak "bere burua defendatzearren jardun" zuela esan du.

Breivikek agur faxista egin du epaimahaiaren aurrean. EFE
Breivikek agur faxista egin du epaimahaiaren aurrean. EFE
Breivik, akusatuen aulkian Norvegiako atentatuengatik

01:32

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Anders Behring Breivik ultraeskuindarrak joan den uztailean Norvegian izandako atentatuak berak egin zituela aitortu du baina "errugabea" dela adierazi du. Astelehen honetan sarraski hura argitzeko asmoz Osloko Auzitegian epaiketa hasi da. 2011ko uztailaren 22an  77 pertsona hil ziren Oslon eta Utoyan egindako atentatuetan.

"Gertakariak egin izana aitortzen dut, baina ez erruduntasuna; neure burua defendatzeko egin nuen", erantzun dio Breivikek epaileari.

Segurtasun neurri handien artean heldu da Breivik Osloko Auzitegira. Epaiketa aretoan sartu den unean besoa altxatu du, agur faxista egiteko, eta epaimahaiari zilegitasunik aitortzen ez diola esan du. "Ez dut Norvegiako epaitegien zilegitasuna onartzen; kultura aniztasuna babesten duten alderdi politikoen aginduak jasotzen dituzte", argudiatu du.

Inga Bejar Engh fiskalak Anders Behring Breiviken kontrako akusazioa irakurri du saioaren hasieran. Ordu bete inguru iraun du, eta bertan, akusatuari egozten dizkioten "aldez aurretik pentsatutako 77 homizidioak" eta delitu terrorista ekarri ditu gogora.

Bideo ultraeskuindar batekin hunkituta

Fiskaltzak Breivikek Interneten eskegi zuen bideoa erakutsi du epaiketako lehen saioan. 

Norvegiako atentatuaren egileak ultraeskuindar ideologia defendatzeko asmoz sarraskia egin baino lehenago Youtuben eta Interneteko beste atari batean zabaldutako bideoa ezagutarazi dute.

12 minutu irauten ditu bideoak, Breiviken pentsamenduan oinarrituta dago, hau da, Europa "marxismo kulturalaren" eta "kultur aniztasunaren" babesleek zuzentzen dutela islatzen da bertan eta "inbasio islamiarraren mehatxuari" aurre egin behar zaiola azpimarratzen da. 

Breivik irudi horiek ikustean hunkitu egin da eta malkoak atera zaizkio.

Asteartean deklaratuko du

Mila lagun inguru joango dira epaitegira eta lekukoen zerrendan 150 lagun baino gehiago daude. Utoyako sarraskitik bizirik atera zirenak ere deklaratuko dute eta Breivikek, asteartean deklaratuko du.

Txosten kontraesankorrak

Psikiatren bi talde ezberdinek egin dizkiote txostenak eta emaitzak kontraesankorrak dira. Lehenak, buruko gaixotasuna duela ondorioztatu du. Bigarrenak, ordea, buruko arazoren bat duela esan arren, egiten ari zenaren kontziente zela dio.

Defentsak, Breivikek berak nahi duen bezala, sarraskiaren arduraduna dela defendatuko du, baina askatasuna eskatuko du ultraeskuindarrak botere politikoaren aurrean "defentsa legitimoan" jokatzen zuela argudiatuz, "Norvegiaren suntsiketaren aurrean". Auzitegiak buruko gaixotasun bat duela ondorioztatzen badu, psikiatriko batean sartuko lukete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea