Mundua -
Siriarako bake plana
Nazio Batuen Erakundeko lehenengo begiraleak Siriara iritsi dira
Armarik gabeko 30 begirale hauek Kofi Annanek sustatutako bake planaren betetzea egiaztatzea izango dute helburu. 9.000 lagunetik gora hil dira Sirian protestak hasi zirenetik.
Erredakzioa
Nazio Batuen Erakundeko armarik gabeko lehenengo 30 begiraleak igande gau honetan heldu dira Siriara, Segurtasun Kontseiluak herrialdean bake planaren betetzea egiaztatzeko begiraleak zabaltzea onartu ostean. Siriako krisia hasi zenetik Nazio Batuen Erakundeak hartutako lehen ebazpena izan da.
Kofi Annan nazioarteko bitartekariak proposatutako bake plan honek indarkeriaren amaiera, atxilotutakoak aske uztea eta gizarte-laguntzaren sarrera ez oztopatzea, besteak beste, jasotzen du.
Une konplikatuan iritsi dira Siriara Nazio Batuen Erakundeko begiraleak. Izan ere, joan den ostegunean hasitako su-etena hainbatetan hautsi dute, indarkeria maila murriztu bada ere, bai Siriako Gobernuak bai oposizioko taldeek ere giza eskubideen urraketak salatu dituzte.
Walid al Mualem Siriako Atzerri Gaietarako ministroak Txinan egingo du bidai ofizial bat, herrialde honekin dituen harremanak sendotzeko asmoz. Aurreko hilabeteetan Txinak eta Errusiak betoa jarri diete Siriaren errepresioa gaitzesteko Nazio Batuen Erakundeak proposatutako hainbat ebazpenei.
Siriaren Gobernuaren errepresioa hasi zenetik, 2011ko martxotik hona, 9.000 lagunetik gora hil dira, 200.000 lagun etxetik alde egin behar izan du eta 30.000 herritar inguru herrialde mugakideetan babestu dira, NBEko datuen arabera.