Mundua -
Emakumeak eta haurrak tartean
Siriako armaden erasoek 30 hildako eragin dituzte
Siriako armadak eraso gogorra egin du herrialdeko iparraldeko hirien aurka. Aldi berean, Kofi Annan Moskura iristi da Siriako gatazka aztertzera
Erredakzioa
Gutxienez 30 lagun hil dira Sirian, gehienak Bachar al Asaden erregimeneko armadaren erasoengatik. Bonbardaketa bortitzenak Homs eta Idleb hirietan gertatu dira.
Tokiko koordinazio batzordeak esan duenez, hildakoen artean, hiru emakume eta hiru haur daude.
Biktimak segurtasun indarren tiroengatik hil direla salatu du oposizioko talde honek. Erasoak goizean goiz izan direla azaldu du Badredin Shalash tokiko koordinazio batzordeko kideak , eta hainbat etxebizitza desegin dituztela salatu du, baita euren taldeko informazio egoitza ere.
Hilabete honetan bertan, Siriako armadak Idleb hiriko kontrola bere gain hartu du berriz ere eta borroka latzak egon dira.
Nazioarteko presioak ez du Siriako indarkeria baretzea lortzen. Gaur bertan, Kofi Annan NBEko bitartekaria Moskura iritsi da, Damaskoko erregimena babesten duten ordezkariekin biltzera.
Nazio Batuen datuen arabera, gutxienez 8.000 lagun hil dira Sirian, 200.000 inguru joan egin dira eta 40.000 beste herrialdeetan daude.