Mundua -
Militarren matxinada, Malin
Maliko matxinoek presidentearen jauregiari eraso egin diote
Kuartel bateko hamarnaka militar altxatu dira tuareg matxino independentisten aurka Maliko iparraldera borroka egitera joan nahi ez dutelako.
Erredakzioa
Maliko militar matxinoek Bamakoko jauregi presidentzialari eraso egin diote, Defentsa Ministerioak jakinarazi duenez.
Maliko telebista estatalak bere emanaldia eten du gaur militar talde armatu bat kateak Bamakon duen egoitzan indarrez sartu ostean eta langile gehienak aterarazi ostean, telebista kateko kazetariek Efe albiste agentziari jakinarazi diotenez.
Hiriburutik 15 kilometrora dagoen kuartel bateko hamarnaka militar altxatu dira gaur goizean tuareg matxino independentisten aurka Maliko iparraldera borroka egitera joan nahi ez dutelako. Tuareg horiek joan den urtarrilean altxatu ziren.
Orain arte, matxinada horrek hamarnaka hildako eragin ditu, eta 200.000 pertsona inguru lekualdatu eta errefuxiatu dira horren erruz.