Mundua -
Afganistanen
Talibanek Kandaharreko sarraskiagatik mendeku hartuko dute
Sarraskiaren egilea aurretik Iraken egona zen 38 urteko sarjentu bat zen. Jada atxilotuta dago.
Erredakzioa
Talibanek mendeku hartuko dute AEBetako soldadu batek 17 zibil hil ostean.
Sarraskia Afganistan hegoaldeko Kandahar hirian gertatu zen igandean, eta lehendik jada nabaria zen amerikarren aurkako giroa gaiztotzea eragin du.
"Biktimekiko elkartasuna adierazi nahi dugu, eta inbaditzaileei eta hiltzaileei mendeku hartuko diegu", esan dute euren webgunean talibanek.
Soldaduak base militarra utzi, oinez kilometro bat egin eta herrixka batera iritsi zen. Bertan, ate joka joan zen eta hiru etxebizitzatan sartu zen denen aurka tiro eginez. Horietako batean 11 lagun hil zituen, horien artean sei urtetik beherako lau neskato, eta ondoren, su eman zien.
Ustezko egilea, 38 urteko sarjentua, Iraken egon zen, aurretik. Afganistanera, ordea, abenduan iritsi zen lehen aldiz.
Hainbat iturrik esan dutenez, soldaduak nerbio-krisiak jota jokatu zuen, baina Afganistaneko NATOko bozeramaile batek esan duenez, oraindik ez dakite zehazki nola gertatu zen.
"Egileak buruko gaitz bat badu, AEBetako armadaren moralaren urraketa dakar, eroak eraman dituelako Afganistaneko zibilen artean tiro egitera", esan dute talibanek. Sarraskiaren ondorioz, Parlamentuko diputatuek ez biltzea erabaki dute, protesta gisa, eta "egileari" legea ezartzeko eskatu diote Ameriketako Estatu Batuei.
Barack Obamak barkamena eskatu dio jada Hamid Karzai homologoari. Angela Merkelek ere samina azaldu du Afganistanen dauden militarrei egindako bisitan. Han, zalantzak agertu ditu hala iragarrita bazegoen ere 2014a baino lehen joan ahal izango diren.