Mundua -
Udaberri arabiarra
Siriako ospitaleak, tortura zentro
NBEk salatu dutenez, Bachar al Asaden Erregimenak torturatu egiten ditu protesten ondorioz ospitaleratutak.
Erredakzioa
Siriako hainbat ospitale tortura zentro bihurtu dira, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) salatu duenez.
Hain zuzen ere, Bachar al Asaden Erregimenaren aurkako protestetan zauritutakoak ospitaletan torturatzen ari direla ohartarazi du Rupert Colvile Giza Eskubideen NBEko Goi-komisarioaren bozeramaileak.
"Hainbat kasutan, NBEko ikerketa misioek baieztatu ahal izan dute ospitaleak istiluetan zauritutakoen tortura zentroak bihurtu direla", esan du.
Colvilek azaldu duenez, medikuek protestetan zauritutakoak "ez tratatzeko eta ez sendatzeko" agindua dute.
"Badakigu agintariek ohartarazi egin dietela osasun langileei ez dituztela sendatu behar zauritutakoak. Are gehiago, anbulantziei zauritutakoak zuzenean atxiloketa zentroetara eramatea eskatu diete", gaineratu du.
Colvileren hitzetan, baieztatu egin dute hainbat medikuk "konplizitatea" agertu dutela jazarpenarekin.
Herritarrek tortura zentroen berri zutenez, azken asteetan hainbat klinika eta ospitale klandestino sortu dituzte garajeetan, etxeetan eta beste hainbat lokaletan.
"Tamalez, badirudi Segurtasun Indarrek atzeman egin dituztela klinika horietako batzuk, eta horiek ere bihurtu dituzte tortura zentro", deitoratu du.
Bozeramaileak aitortu du tortura ez dela "berria" Sirian, eta 1963tik darabiltela, "Larrialdi Legearen aitzakian".
Halaber, Colvilek gogorarazi du tortura sistemakikoki erabiltzea gizateriaren aurkako krimena dela.