Mundua -
Udaberri arabiarra
Europak isun ekonomiko gehiago ezarri dizkio Siriari
Besteak beste, Banku Zentralari, zazpi ministrori eta metal preziatuen salerosketari jarri dizkiete zigorrak.
Erredakzioa
Europar Batasunak (EB) beste isun ekonomiko sorta bat onartu du Siriako Erregimenaren aurka. Besteak beste, Banku Zentralari, zazpi ministrori eta metal preziatuen salerosketari jarri dizkiete zigorrak.
Halaber, debekatu egin dituzte Siriatik datozen merkataritza-hegaldiak, Erregimenaren finantziazio iturriak itotzeko asmoz.
Neurriok Europar Batasuneko 27 Atzerri ministroek onartu dituzte, gaur Bruselan egindako bilera baten hasieran.
Ondorioz, Damaskoko Erregimeneko zazpi ministrori blokeatu egin dizkiete Europan dituzten aktiboak, eta debekatuta izango dute Europan sartzea. Guztira, 100 pertsonari baino gehiagori ezarri dizkiete jada zigor horiek.
Halaber, Banku Zentralaren interesak eta salerosketak izoztu dituzte. Dena dela, salbuespen batzuk utzi dituzte, merkataritza "zilegia" baimentzeko.
Bachar Al Asaden Gobernuaren finantziazioa itotzeko xedez, Europak Siriako agintariekin urrearekin eta metal preziatuekin salerosketak egiteari utzi egingo diote.
Merkataritza hegaldiak debekatu badituzte ere, bidaiarien hegaldiak onartu egingo dituzte, Sirian dauden europarrak itzul daitezen.
Atzerri ministroek berretsi dute Erregimenaren aurkako presioa areagotu beharra dagoela, baina operazio militarra baztertuta dagoela.