Mundua -
Iraultza demokratikoa
Siriako Erregimenak Hama eta Homs bonbardatu ditu
NBEk jazarpena gaitzesteko ebazpena bozkatuko du ostegun honetan, baina sinbolikoa izango da, hots, ez du ondorio praktikorik izango.
Erredakzioa
Siriako Erregimenak erasoaldia abiatu du gaur Hama eta Homs hirien aurka, eta besteak beste, bizitegi-auzoak bonbardatu ditu, ekintzaileen iturriak aipatuta Reuters agentziak jakinarazi duenez.
Hama Siriako laugarren hiri garrantzitsuena da. Bertan, manifestazio jendetsuak izan ziren 1982an, Hafez al Assaden (egungo diktadorearen aita) Gobernuaren aurka, eta jazarpenak 10.000 pertsona hil zituen.
Homsen, oposizioaren babeslekuan, erasoaldiak 13 egun bete ditu dagoeneko.
NBEk ebazpen sinbolikoa bozkatuko du
Bestalde, Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Asanblea Nagusiak Saudi Arabiak eta Katarrek prestatuako ebazpen bat bozkatuko du ostegun honetan, Siriako jazarpena gaitzetsi eta Arabiar Ligaren trantsizio planak babesteko.
Nolanahi ere, NBEren Asanblea Nagusia kontsulta-erakundea, eta ondorioz, ebazpena sinbolikoa baino ez da izango. Segurtasun Kontseiluan ere antzeko ebazpen bat onartzen saiatu ziren, baina Txinak eta Errusiak betoa jarri zuten. Asanblean, ez dago beto eskubiderik. 5.400 heriotza baino gehiago
Duela 11 hilabete Siriako iraultza demokratikoa hasi zenetik, gutxienez 5.400 pertsona hil dira jazarpenaren ondorioz, NBEk urtarrilean zehaztu duenez. Harrezkero, baina, ezin izan ditu datuak berritu.
Siriako oposizioaren arabera, hildakoak 6.000 dira, baina Saudi Arabaiak 7.000ra igo du kopurua.