Mundua -
Krisi politikoa Sirian
Liga Arabiarrak Nazio Batuengana jo du Siria kontrolatzeko asmoz
Bakerako beste misio bat bidaliko dute Liga Arabiarreko eta Nazio Batuetako kideez osatuta. Betebehar nagusia su-etena hurbiletik egiaztatzea izango da.
Erredakzioa
Nazio Batuen Elkarteari (NBE) bakerako beste misio bat sortzea proposatzea adostu du Liga Arabiarrak. Horrekin batera, euren enbaxadoreak Siriatik ateratzea eta Damasco erregimeraren kontrako zigorrak handitzea erabaki dute.
Erabaki horiek arabiar diplomazioako buruek El Cairon egindako ezohiko bileran hartu dituzte. Helburua, Siriako krisiari irtenbidea ematea da.
Misio hori Liga Arabiarreko eta Nazio Batuetako kideez osatuko lukete eta betebehar nagusia su-etena hurbiletik egiaztatzea izango litzateke.
Jordaniar bat, buruzagi
Gainera, Liga Arabiarrak amaitutzat eman du, ofizialki, begirale arabiarrek osatutako aurreko misioa. Misio hori bertan behera utzi zuten urtarrilaren 28an, Siriako indarkeria gora egiten ari zela ikusita.
Beste misio bat martxan jartzeko erabakia Ahmed Mustafa al Dabi aurreko misioko buruaren dimisioarekin batera iritsi da. Bigarren misio horretako arduradun nagusia izateko Abdulilá Jatif Jordaniako Kanpo Arazoetako ministro ohia proposatu dute.