Mundua -

Hauteskunde primarioak

Santorumen susperraldiak Romneyren garaipena kolokan jarri du

Santorumek esan duenez, aurrerantzean, aurkari errepublikanoei eraso egin beharrean, Obama kritikatzea izango da bere helburu nagusia.

Rick Santorum alderdiko alde eskuindarraren gustuko hautagaia da. Argazkia: Artxibo.
Rick Santorum alderdiko alde eskuindarraren gustuko hautagaia da.
Rick Santorum alderdiko alde eskuindarraren gustuko hautagaia da. Argazkia: Artxibo.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru estatutan lortutako garaipenek AEBetako presidentetzako hautagai errepublikanoa izateko bidean jarri dute berriro Rick Santorum, eta agerian utzi dute Mitt Romney faboritoak ez duela hautesle gehienen konfiantza bereganatu. Horrez gain, argi geratu da Newt Gingrichek ez duela kontserbadoreen oniritzia.

Santorum Pennsylvaniako senatari ohiak iragarri duenez, Coloradon, Minnesotan eta Missourin gailendu ostean, 250.000 dolar bildu zituen astearte gauean. Horrek bere hautagaitza indarberritu egin du, eta aurrerantzean bere kritikak Barack Obama presidentea eta demokraten hautagaiari egingo dizkiola esan du, eta ez aurkari errepublikanoei.

Azaroaren 6ko presidentetzarako hauteskundeei begira, errepublikanoen Iowako caucus edo barne-hauteskundeetan hasi zuten euren hautagaia aukeratzeko prozesua. Lehen norgehiagoka hartan Santorum atera zen garaile, Romneyri boto gutxi batzuen aldea aterata, baina hortik aurrera Santorumek ez du garaipen esanguratsurik lortu.

Santorum, kontserbadoreen gustukoa

Romneyk New Hampshiren, Floridan eta Nevadan garaipen garrantzitsuak eskuratu ditu, baina oraindik ez dago argi alderdi errepublikanoarentzako hautagai egokiena den ala ez; izan ere, alderdian gero eta pisu handiagoa dute kontserbadore ebangelikoek eta eskuin muturreko Tea Party taldeko kideek, eta horiek ez dute Romneyren jarrera moderatua batere gogoko.

Minnesotan lortutako hirugarren postuari garrantzia kentzen saiatu da Romney, baina adituen arabera, porrot esanguratsua da, estatu horretan, Coloradon bezala, denbora eta diru ugari jarri baitzituen. Are gehiago 2008ko primarioetan bi estatu horietan garaipen nabarmenak lortu ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea